2024-11-25
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaGaur ere emakumeon pobretzeari aurre egiteko eguna dugu

Gaur ere emakumeon pobretzeari aurre egiteko eguna dugu

Espainiar eta Frantziar estatuek, zein Gasteiz eta Iruñeko gobernuek, herria pobretzearen aldeko hautu politikoa egin dute. Pobretze prozesu honen adierazle diren datu eta estatistikek, gehienetan, genero ezberdintasunak ezkutatzen dituzten arren, kaltetuenak emakumeak izaten ari garela erakusten dute. Gaur, Azaroak 25, emakumeonganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean, LAB Bilbo eta Iruñean mobilizatuko da generoen araberako lan banaketa gaindituko duen eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna oinarri izango duen eredu berri bat aldarrikatzera.

Pasadan ostiralean Gasteizen eta atzo Donostian egin bezala, LABeko emakumeok bilkurak burutuko ditugu goizeko 9:30tan. Bilbon sindikatuaren egoitzan eta Iruñean Areto Gorrian. Bilkuren ostean mobilizazio ezberdinak egingo dira bi hiriburuetan. Bilbon giza-katea egingo dugu Bizkaiko Diputaziotik abiatuta eta Iruñean performance ibiltaria Udal Plazatik hasita.

Aberastasunaren eta lanaren banakeraren alde antolatu eta borrokatu. Gaur Azaroak 25 denok kalera emakumeon pobretzeari aurre egitera. Denok kalera langabeziaren eta prekarietatearen aurka eta pentsio eta prestazio duinak aldarrikatzera. Denok kalera generoen araberako lan banaketa gaindituko duen eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna oinarri izango duen eredu berri bat aldarrikatzera.

«Emakumeon POBRETZEARI aurre egin»

«Espainiar eta Frantziar estatuek, zein Gasteiz eta Iruñeko gobernuek, herria pobretzearen aldeko hautu politikoa egin dute. Horretarako krisiaz baliatu, eta ezarritako neurri, erreforma zein murrizketa guztiak bide beretik joan dira; gehiago dutenek gehiago izan dezaten, eta gutxiago dutenek aldiz, gero eta gutxiago.

Jada ez du inork zalantzan jartzen euskal herritarron gehiengoa gero eta pobreagoa garela. Pobretze prozesu honen adierazle diren datu eta estatistikek, gehienetan, genero ezberdintasunak ezkutatzen dituzten arren, kaltetuenak emakumeak izaten ari gara.

Emakumeon parte hartzea lan merkatuan beti izan da bigarren mailakoa, aitortza baxuagoko eta lan baldintza prekarioenetako sektore eta lanpostuetara bideratu gaituzte, gure lana gizonezkoen lanaren osagarritzat jo dutelako.

Gaur egun egoera are gehiago gogortu da, behin behinekotasun tasak gero eta handiagoak direnean, emakumeon kasuan %23,8koa da, gizonezkoen %17,7aren aldean. Patronalak lanaldi partzialak gero eta gehiago zabaltzeko apustua egin du eta ezin dugu ahaztu lanaldi mota honetan dihardutenen %94,69a emakumezkoak direla. INEren azken datuen arabera, gizonezkoek baino %36,2 gutxiago kobratzen dugu. Gizon eta emakumeon soldaten arteko aldea gero eta gehiago handitzen ari da eta honek, gainera, ondorio zuzenak ditu ondoren jasotzen ditugun prestazioetan (langabezian, ezgaitasunak, erretiro pentsioak…). 

Bien bitartean, erakunde ezberdinek, arazoaren muinera jo eta erabaki ausartak hartu beharrean, dagoeneko ahula eta nahikoa ez den babes sozial sistema eta prestazioak hartu dituzte jomugan. Honek kolpe bikoitza dakarkigu emakumeoi: alde batetik, emakumeok gara hein handi batean prestazio hauen jasotzaileak (datu esanguratsu bat: guraso bakarreko familien artean %88,6ak emakume bat dute buru eta, hauetatik, %40k langabezian dagoen emakume bat) eta, bestetik, sistemak bete beharko lituzkeen premiak, zaintza kasu, emakumeon bizkar uzten dituzte.

Pobrezia ere indarkeria da, emakumeak pobreziara kondenatu nahi gaituzte, menpeko izaki bihurtu. Emakumeok burujabetza ekonomikoa behar dugu gure bizi proiektuak modu aske batean garatu ahal izateko. Honetako gaur egungo lan harremanen eredua irauli behar dugu, eredu berri bat behar dugu, generoen araberako lan banaketa gaindituko duena eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna oinarri izango duena. Lana eta aberastasuna banatzea bideratuko duen eredua, langabezia, prekarietatea eta pobrezia egoerei aurre eginez eta langileen eskubideak errespetatuz ! »
  

 «Emakumeon POBRETZEARI aurre egin» [PDF]

 
Azaroak 25 Kartela [PDF]

Deialdiak

BIZKAIAN
– Azaroaren 25ean, 9:30etan Bizkaiko emakumeen bilkura
(Bilboko egoitzan)

– 12:00etan giza katea
Bizkaiko Diputaziotik abiatuta

NAFARROAN
Azaroaren 25ean, 9:30etan Nafarroako emakumeen bilkura
(Areto Gorrian)
12:30etan Udaletxe
plazan mobilizazioa
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.