2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOso arrakastatsua izan da gaurko greba Osakidetzako Gipuzkoako zentroetan

Oso arrakastatsua izan da gaurko greba Osakidetzako Gipuzkoako zentroetan

Gaur Gipuzkoako zentroen txanda izan da eta bertan deituta dagoen grebaren jarraipena garrantzitsua izan da. Aurreko lanuzteetan bezala, ezin dugu inolako zifrarik eskaini, inposaturiko zerbitzu minimoekin ez dagoelako jakiterik zenbat langilek atera behar zuten grebara.

Bestaldetik, Donostian manifestazioa burutu dute langileek Arabako eta Bizkaiko zentroetan kontzentrazioak burutzen ziren bitartean.

Ez dugu amore emango Jaurlaritzak inposaturiko “gutxieneko zerbitzuak” salatzeko orduan greba eskubidea bertan behera uzten baitute. Bestaldetik, Osakidetzak eman dituen jarraipen kopuruak errealitatetik oso urrun daude: langileen %6,7 edo % 10 atera dela grebara diotenean, soilik ari dira kontuan hartzen zerbitzu minimorik ez daukan langile kopuru txikia. Beraz, honetan ere tranpa. Eta lotsagarriena da greba egunetan inoiz baino operazio onkologiko gehiago programatzen dituztela dena martxan egotera behartzeko, asteburu, jaiegun eta oporretan ez direnean programatzen… orduan bai itxaron daiteke? Minbiziak ba al daki egutegiaz? LABek exijentzia argia luzatzen dio Osakidetzari: itxaron zerrendak gutxitzeko helburutan, gaur bezalako onkologi eta urgentziazko ebakuntza kopurua egin ditzala asteburu eta jaiegunetan ere, baina ordu estrarik ordaindu gabe. Beste exijentzia bat: gaur bezalako langile kopurua mantentzea jaiegun guztietan.

Datorren astean Bizkaiak hartu du lekukoa, bertan greba eguna deituta baitago. Eta abenduaren 4ean, greba orokorra Osakidetza osoan 24 orduz. Bitartean, sindikatukok 24rako gaude deituta mahai sektorial berri batera. Bertan Osakidetzak aukera ezin hobea izango du zentzuko jarrera arduratsuz jokatzeko eta honako lanuzteak geldiarazteko. Jadanik ez dute inor engainatzen. Euskal jendarteak oso argi dauka zein den gure borroka eta zein den osasun publikoaren gainbeheraren erruduna. Garaiz gaude bide onera bueltatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.