2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaEz dugu Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren saioan parte hartu, Nafarroako aurrekontuen lanketan...

Ez dugu Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren saioan parte hartu, Nafarroako aurrekontuen lanketan benetako parte-hartze soziala ez dagoela salatzeko

Ohikoa den bezala, Gobernuak Nafarroako Aurrekontuen Legearen aurreproiektua KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko kideei bidali die hori lantzeko bilera baino hiru egun baliodun lehenago soilik. Eta, ziurrenera, ohikoa izaten ari den bezala, KESen bileraren ostean, Gobernuak dokumentu horixe bera igorriko du Parlamentura, batere aldaketarik egin gabe. Horregatik, LAB sindikatuak ez du gaurko saioan parte hartu.

LABek salatu nahi du KESen saioa eszenifikazio huts gisa hartu dela berriz: KESeko kideek ez dute denbora materialik saioa behar bezala prestatzeko eta ekarpen zehatz eta bideragarriak egiteko; eta Nafarroako Gobernuak KESen saioa izapide sinboliko huts moduan hartzen du. Eta gizarte eragileek zer esaten duten ere, zer ekartzen duten ere, KESera ailegatzen den zirriborro bera bidaliko dute Parlamentura.

Beraz, Nafarroako Gobernuak KES gutxiesten segitzen duela kontuan hartuta, LAB sindikatuak gaurko saioan ez parte hartzea erabaki du. Ildo horretan, Gobernuari eta Parlamentuko taldeei eskatzen diegu defizit demokratiko hori konpontzeko eta Nafarroako aurrekontuak lantzean parte-hartze soziala bermatzeko bide errealak ezar ditzaten.

Era berean, aditzera ematen dugu mobilizatzeko asmoa dugula, Nafarroako Aurrekontuek eskaera soziosindikal nagusiei erantzun diezaieten, hala nola, pentsiorik apalenen osagarriari (1.080 euroraino), Nafarroako batez bertzeko soldataren %60aren pareko izanen den gutxieneko soldata ezartzeari, enplegu publikoaren sustapen eta egonkortzeari, zaintza lanen sistema publiko komunitario bat ezartzeari, eta kapitalaren, ondasunen eta enpresa-irabazien errentei zerga handiagoa jarriko dizkien erreforma fiskalari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.