2024-11-22
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakLABek Funtzio Publikoko mahai orokorrera ez joateko erabakiari eusten dio

LABek Funtzio Publikoko mahai orokorrera ez joateko erabakiari eusten dio

Gaur ostirala, hilak 14, Eusko Jaurlaritzak Funtzio Publikoko Mahai Orokorrerako deialdi berria egin du. Berriro ere Eusko Jaurlaritzak gai zerrenda itxi eta mugatu baten inguruan aritzeko deitu gaitu sindikatuak; itxia, administrazioak berak definitzen duelako zeintzuk diren “negoziagai” dauden gaiak eta zeintzuk ez; eta mugatua, gai horietan zertaz eztabaidatu daitekeenaren mugak berak ere aldebakarrez ezartzen dituelako.

Gai zerrendan planteatutako puntuen artean 2015eko lanaldia aurkitu dugu, baina jakin badakigu bilera bera neurri hau (eta antzekoak) luzatzeko baino ez duela erabiliko. Horregatik aurreko ikasturtean Mahai Orokorrean ordezkaritza dugun lau sindikatuok bertatik altxatzea erabaki genuen. Gaur gaurkoz, egoerak ez du hobera egin, murrizketa berriak aplikatu diren heinean, okerrera baizik, eta bileran ez du lanaldiaren arazoa konpontzea planteatuko. Horregatik ezinbestekoa deritzogu horrelako neurrien garapenean inongo babes sozialik ez ematea Urkulluren Gobernuari. Zentzu horretan LABek gaurkoan ez parte hartzea erabaki du.

Bestetik, gai zerrendan 2012ko pagaren zati baten berreskurapena ere proposatzen dute, alegia, egun Estatuko Aurrekontuen Legeak baimentzen duen berbera; LABek, paga osoa berreskuratu behar dugula aldarrikatzen du, Estatuko Legediak ezartzen duena behin eta berriz aplikatzeak lan baldintza eta zerbitzu publikoen murrizketa besterik ez baitakar, eta gainera, gure zerbitzu publikoak zein gure lan baldintzak geuk erabakitzeko eskubidea baitugu. Jaurlartitza zuzentzen ari den Gobernu honek Estatuak erabakitzen dituen murrizketak inposatzea du xede nagusia.

PNVk zuzentzen duen Funtzio Publikoko Sailak, azken urte luzeotan langileen kontrako neurriak inposatu besterik ez du egin. Zertarako deitzen du orduan Funtzio Publikoko Mahai Orokorra? Zer antzezlan irudikatu nahi du horrelako deialdiekin? Jaurlaritza honek negoziazio kolektiborako eskubide urratzen ari da behin eta berriz, inposizioa besterik ez dagoelarik negoziazio itxurak eginez eta langileoi iruzur egiten saiatuz.

Honen aurrean gogoratu nahi dugu LAB sindikatuak hurrengo aste eta hilabeteetan Administrazioa eta zerbitzu publikoen eredua finkatze aldera PNVk onartu nahi dituen lege egitasmoak (Administrazioarena, Enpleguarena, Udalena, Segurtasunarena…) baldintzatzeko mobilizatzen jarraituko duela, hurrengo egunetan aurkeztuko dugun dinamikaren bitartez.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.