Igande honetan, azaroak 9, Kataluniako galdeketa egunean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die LAB sindikatuak euskal langile eta herritar guztiei.
Ekitaldi bateratua azaroaren 9an Iruñean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko
Azaroak 8 Donostia: Langileok ere erabakitzeko eskubidearen alde mosaiko erraldoira!
Herritarroi erabakitzeko eskubidea ukatzea oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzea da. Eta hori da gordintasun osoz espainiar Gobernua egiten ari dena, herritarron oinarrizko eskubideen aitortzan oinarrituko den prozesu adostu orori ateak ixtea, alegia.
Estatu erreformaren testuinguran kokatzen dira Madrilen erabakiak. Birzentralizazio eta uniformizazio prozesua burura eramateko neurriak dira Espainiatik ezartzen ari direnak. Estatuan dauzkan arazo nagusi bi estali nahi dituzte: batetik, lurralde ereduaren krisia berriro ere ixten saiatzen ari dira Estatuaren batasuna auzitan ipini barik, eta bestetik, guztiz usteldurik dagoen sistemaren baitan sorturiko krisi politiko-instituzionala itxi behar dute, aurpegi garbiketa egiteko. Espainiar Estatuaren izaera antidemokratikoa agerian geratu da, korapiloa galdeketa prozesuan egiteko aukeran bertan kokatuz.
Kataluniako galdeketa prozesua mugarri izango da. Estatuak ezetzaren gainean eraikitako horma gaindituko duen herri ariketa da kataluniarrak egiten ari direna; prozesuaren oinarri eta motore da herri aktibazioa, eta ez dago gobernurik abian den herria geratuko duenik.
Oinarrizko eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoei erantzuteko adostasunak lortu behar ditugu, baita Euskal Herrian ere. Momentua da euskal eragileon aldetik erantzun bateratuak emateko, egin beharreko urratsak eztabaidatu eta adosteko. Egoerak eta gure herriak eskatzen duen mailan kokatzeko ardura dugu eragileok, ezin dugu begirale hutsak izan.
Herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko gure erabateko konpromisoa eta inplikazioa adierazten dugu LABetik, eta igandean ere, hor izango gara, kalean, erabakitzeko eskubidearen alde.