2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaOsasunbidea, Nafarroako ABLE handiena

Osasunbidea, Nafarroako ABLE handiena

Badakigu Osasunbidea aldi baterako laneko enpresarik handiena dela, duela urte askotatik; horretaz ederki jabetu gara hemen lan egiten dugun guztiok. 

Jakina da langile gehienek lan-bizitzan zehar dozenaka kontratu kateatu dituztela, kasurik onenean. 

Badakigu kontratuen kate horretan lan-baldintzak ez direla onenak, ezta hurrik eman ere, eta zenbait arduradunek eta zuzendarik egoera aprobetxatu dutela langileen lan-baldintzak prekarizatzeko. 

Jakina da zenbait arduradunek, batez ere unitatekoek, amore ematea erabaki dutela, eguneroko jarduera antolatzeko erreminta falta eta zailtasun ugari dagoelako.

Badakigu Osasunbidean ia % 60ko behin-behinekotasuna baliatzen dela plantillaren oinarrizko eskubideak ezabatzeko, hala nola urteko egutegia, oporretarako eskubidea, lan beragatik soldata bera jasotzeko eskubidea, edo kexarako eskubide soila (balizko ondorioengatik); horrek argi eta garbi adierazten du gauza asko oso gaizki egiten ari direla.

Jakina da Osasun Departamentuak duela zerbitzuen pribatizazioak edo interes pribatuak bultzatzeko urteetan langileen arloan ezarri den politika neoliberalen erantzukizuna; osasun publikoa defendatzen dugunok argi daukagu hori. 

Begibistakoa da kontratazioaren abusua eta iruzurra tsunami geldiezina dela eta ondorio kaltegarriak izan ditzakeela; hori nabarmen gelditzen ari da ebazten ari diren epai judizialetan.

Pandemiak argitara atera ditu Osasunbidearen muga guztiak: langile falta, batez ere fakultatiboak eta erizainak; kontratu prekarioak, lanaldi oso luzekoak eta atsedenik eta oporrik hartzeko aukerarik gabekoak; etengabeko kexak kontratuak esleitzea eta oinarrizko eskubideak errespetatuak izatea lortzeko; pertsona batzuek produktibitateak kobratzea eta beste batzuei ukatzea, lan bera eginagatik.

Agerian eta nabarmen dago, pandemiaren datuek hobera egin duten une hauetan, Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta Nafarroako Gobernuari ez zaiela axola plantilla nola dagoen. Jauzi handi bat nozitzen ari gara, arduradunen txaloetatik eta politikarien esker oneko hitzetatik “gustatzen ez bazaizu, kanpora” diskurtsora igaro baikara. 

Hori nahikoa ez-eta, beste ABLE bat sortzen ari da Osasunbidea ABLE handiaren barruan, Pool izeneko azpikontrata hain zuzen, guztiok aspaldi ezagutzen dugun Pool bat. Zertan datza? Langile ia guztiak lanaldirik gabe, oporrik gabe eta zuzendaritzak erabakitako mugikortasunarekin erabili ahal izatean. Lanposturako gaitasunak eskuratzeko aitzakiarekin, Pool honen bitartez, are gehiago prekarizatzen dira plantillaren baldintzak, eta aukera zabaltzen da zenbait nagusik langile horiek modu arbitrario eta bidegabean erabil ditzaten. Kontratazio mota hori ospitaleetan eta Oinarrizko Osasun Laguntzan egiten da, eta ez dago horretatik libre dagoen lanbide-kategoriarik. 

Ahaztuxeak dira COVID heroiak. Heldu da langileen murrizketen garaia. Itzuliko dira produktibitateak, itxaron-zerrendak murrizteko; baina gutxi batzuentzat bakarrik izango dira. Itzuliko da langile eskasia, kontratazio faltagatik; itzuliko da gripea ere, baina eskubideen murrizketak jarraitu egingo du.

Dena ez da diru kontua, sindikatu korporatibistek etengabe eskatzen duten bezala. Langile askok atseden-denbora nahi dute, familia eta lana bateragarri egiteko aukera eta beren eskubideak errespetatuak izatea.

LAB sindikatuak aurrekontu bat eskatzen du Osasunbidearentzat, plantillak dimentsionatzeko eta material teknologikoa erosteko. Arazo handia dugu lanean ari diren pertsonen kopuruari, hurrengo erretiroei eta itxarote-zerrendei dagokienez, eta beldur gara Espainiako Estatuak enplegua egonkortzeko onartu duen lege-dekretuak ez ote duen, inondik ere, gure egoera konponduko.

Plantilla finkatzea eskatzen dugu, behin-behinekotasuna egiazko % 8ra murrizteko, kontuan hartuta, burutzetarako plazen erreserba guztiak eta egiturazko kontratuen plantilla paraleloa, behin-behinekotasunaren nitxo oso garrantzitsua baitira.

LABek errespetua eskatzen du fisikoki eta psikologikoki minimoen azpitik dauden langileekiko. Haien lan-baldintzak eta baldintza ekonomikoak nabarmen hobetzea eskatzen dugu, eta alderdi politikoek gai horiek kontuan hartzea Nafarroako aurrekontuen negoziazioan. Azkenik, berriz eskatzen dugu gutxienez 10.000 plaza deitzea foru-administrazio osorako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.