2025-04-18
HomeEkintza SindikalaOstalaritza sektoreko langileen prekaritate egoera salatu dugu, Donostiako taberna batean izandako lan...

Ostalaritza sektoreko langileen prekaritate egoera salatu dugu, Donostiako taberna batean izandako lan istripu hilgarriaren harira

Donostiako Gros auzoan mobilizatu gara, Kursaal aurrean, euskal gehiengo sindikalak deituta, azken lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, joan den igandean, Gure Txoko tabernako 36 urteko langile bat hil zen, sute baten ondorioz.

LAB sindikatuak langile horren heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen du. Zer egiten zuen langilea goizeko 6etan tabernan? Zeintzuk ziren haren lan baldintzak eta lan erritmoak?

Donostian, eliteen turismora bideratutako hirian, gutxi batzuek negozioa egiten duten bitartean, ostalaritza-sektoreko langileek gaur egun jasaten duten prekaritate-egoera salatzen dugu; lan-erritmo jasanezinak eta lanaldi amaigabeak dira, eta laneko eta prebentzioko araudia ez da betetzen. Administrazioek, ordea, beste alde batera begiratzen dute behin eta berriz, sistematikoki.

Aurten, Euskal Herrian gutxienez 52 langile hil dira lanean edo lanaren ondorioz. Langile-klasearen segurtasunak eta osasunak zentraltasunik hartzen ez duten bitartean eta interes ekonomikoek gailentzen jarraitzen duten bitartean, ezinezkoa izango da lan istripuen gaitz horrekin amaitzea. LAB sindikatutik jarraituko dugu jendartearen mobilizazioa bultzatzen, hil eta gaixotzen gaituen sistema honn aurka eta bizitza  eta osasuna erdigunean jarriko duen eredu baten alde. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.