Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoaren lehenengo bi hilabeteak aurrera doazen honetan, hainbat enpresetan hauteskunde sindikalen prozesuak abian dira. Nahiz eta oraingoz eragin handiena enpresa txiki eta ertainetan izaten ari den, hainbat enpresa esanguratsuetan beraien hauteskunde prozesuak amaituta dauzkate.
Nafarroako industria esparruan emaitza onak eskuratzen ditu LABek. Azpimarratzekoak dira Agoitzen dagoen Gamesan lehen aldiz ordezkaritza lortzen duela LABek (bi ordezkari) eta Bianako Mondelez (lehen Marbú zena) bi ordezkari izatetik lau izatera pasatzea eta produkzioan CCOO aurretik lehen indarra izatea.
Sektore publikoari dagokionez, LABk ordezkaritza maila mantentzen du Donostiako Udalean izandako bozketetan, laboralen artean bozkatuenak izanda eta funtzionarioetan bozkak handituz. Ordezkaritza berria lortzen dugu Txingudiko Zerbitzuetan baita Barakaldoko udal haurreskoletan. Era berean eta irakaskuntzari dagokionean, ikastoletan LABek daukan gehiengo absolutoa indartzen jarraitzen du, Udarregi ikastolan emandako emaitzak adibide izanda (hiru ordezkaritik laura gehiengo absolutua mantenduz). Irakaskuntza pribatuan LAB Presentación de Maria eskolan bi ordezkari lortu ditu, gehiengo absolutoa eskuratuz.
Era berean, LABk hainbat enpresa txiki eta ertainetan hautagaiak aurkezten ari dela azpimarratu nahi dugu, aurretik inoiz aurkeztu ez garen tokietan hain zuzen. Horrek gure ustez gure sindikatuak atxekimendu maila handia lortzen jarraitzen duela esan nahi du, aurreko hilabeteetako tendentziari segida emanez.