2024-11-23
HomeEkintza Politikoa "Greba Orokorra, egoki baino egokiagoa" #OrainGrebaOrokorra

[IRITZIA] “Greba Orokorra, egoki baino egokiagoa” #OrainGrebaOrokorra

LAB sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok Greba Orokorraren beharraz hitz egin du: “Baliatu dezagun aukera enpresetan borroka sindikalak biderkatzeko, auzo eta herrietan mobilizazio soziala sustatzeko, eta gure Herrian aldaketa politiko eta sozialak bultzatzeko. Ikusle hutsak izan baino, izan gaitezen aldaketaren eragile”.

Iritzi artikulua osorik:

Euskal Herrian deitzear dugun Greba Orokorra oso egokia izango da elkarren osagarri diren bi ikuspuntutik: Lehenengoak euskal sindikalismoaren izaera eta ibilbidearekin du zerikusia.

Espainiako sindikalismo nagusia 78ko erreformak eta patronalaren neurriko elkarrizketa sozialaren ereduak asimilatzen zuten bitartean, Hego Euskal Herrian joan den mendeko 90eko hamarkadatik aurrera (35 orduen eta soldata sozialaren aldarrikapenarekin 1999an egindako Greba Orokorra mugarri hartuta), gehiengo sindikal bat eratu da, lan-harremanen eta babes sozialeko esparru propioaren alde egiten duena, kontraboterean oinarritutako estrategiarekin, ekintza sindikalaren politizazioa eta mugimendu sozialekiko aliantza sustatuz; LABek 80. hamarkadan ia erabateko bakardadean defendatutako kontzeptuak dira horiek guztiak. Egindako bideari esker, euskal sindikalismoa egun autonomoagoa da, mobilizazio gaitasun handiagoa du eta Estatu mailako sindikalismoaren aldean emaitza hobeak lortzen ditu.

Hori esanik ere, euskal sindikalismoak bere eredu soziosindikal eta soziopolitikoa birpentsatu eta berregokitu beharra dauka; horretan ari gara LABen, errealitate berriei erantzun (krisi ekologikoa, energia krisia, digitalizazioarena) eta sektorerik prekarizatuenentzat ere tresna eraginkorra izateko lanean.

Epe motzean ditugun erronkei ekiteko LAB eta ELAren artean alde nabarmenak ditugu, agerikoa da. Hala ere, oinarrizko logika komuna partekatzen dugu, bai gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, bai, ahots propioz, gero eta zer esan handiagoa duten eragile sozialek; mugimendu feminista eta pentsiodunen mugimendua, kasu.

Logika komun horren baitan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bildutako eremu soziosindikalak murrizketa handien garaiari (2007-2013) aurre egin zion sei Greba Orokor eta borroka ugari sustatuz. Hego Euskal Herriko patronalak Lan Erreformak eta negoziazio kolektiboaren erreforma ezartzeko zituen asmoei eutsi eta baldintzatzea lortu genuen, eta euskal langileek 2016-2017 bueltan iniziatiba berreskuratu genuen, eliteek ahotan zuten “errekuperazio ekonomikoa”, izatekotan, langileentzat lan eta bizi baldintza hobeak bermatzeko izan zedin, aberastasuna eta boterea gero eta esku gutxiagotan pilatzeko joera irauliz.

Borroka sindikal haiekin batera, greba feministek eta pentsiodunen mugimenduaren sorrerak berebiziko ekarpena egin zuten bizitza kapitalaren gainetik jartzeko borrokan. Sinergia berriak sortu ziren eta haiei esker posible izan zen 2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorra, lan, bizi eta pentsio duinen alde. 

Pandemiak agerian utzi ditu osasunaren eta zaintzaren eremuko gabeziak, erakutsi du oinarrizko lan asko, gehienak, emakumeek egiten dituztela, baldintza prekarioetan; ezagutu ditugu langile asko eta askoren bizitzetan utzitako ondorio kaltegarriak.

Instituzioek orain pandemia osteko aroa aurreikusi dute, eta berriz ere, enpresen irabazietan jarri dute arreta, krisi ekologiko larriari bizkar emanda; aldi berean, lanaren, zaintza lanen eta ondasunen banaketari uko egiten jarraitzen dute.

Oinarrizko produktuen prezioa gora eta gora doa, baina soldatak ez neurri berean. Emakume langileen kontrako arrakala betikotzen ari da. Zaintza krisiak bere horretan jarraitzen du, erantzunik gabe. Finean, Kapitalaren interesak eta langile jendearenak aurreaz aurre ditugu berriro. Greba Orokorra palanka da erasora jotzeko, langileria boteretu eta, ofentsiban, borroka ziklo berri bati ekiteko.

Horrez gain, hasieran esan bezala, Greba Orokorraren egokitasuna indartzen duen bigarren ikuspuntua dugu: hurrengo hiru hilabeteetan Hego Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzetan eragina duten erabaki garrantzitsuak hartuko dira. Horietako asko (lan eta pentsio erreformak, Estatuko aurrekontuak, argindarraren prezioa) Estatu mailan erabakiko dira, eta beraz, esan gabe doa agerikoak direla egungo autogobernuak oinarrizko aferak lantzeko dituen mugak. Kontutan izanik Espainiako Patronalaren eta Erregimenaren gainerako botere faktikoen boterea, eta Estatuko sindikalismoa borroka estrategiarik gabe ari dela, guztia Estatuko jokalekuaren menpe uztea akats larria litzateke.

Baina ez gaitezen horregatik eszeptizismo desmobilizatzaile betean erori, eta ez ditzagun gutxietsi, mugatuak izanda ere, Estatu mailan lor daitezkeen onurak. Kontrakoa, euskal eremu soziosindikalak bere gaitasun osoa aktibatu behar du hiru zentzutan: Lehenik, esparru politikoa presionatzeko, azken hamarkadetako murrizketak atzera bota eta gehiago egin ez ditzaten. Bigarrenik, lan eta bizi baldintzei buruz hemen, Euskal Herrian, erabakitzea aldarrikatzeko —EAEko langile klasearen %71 eta Nafarroako langileen %52 ordezkatzen ez duen elkarrizketa sozial eredu eta eremuari aurre eginez—; eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa lehengoratzeko. Hirugarrenik, Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko.

Lan erreforma indargabetzea eskatu behar dugu, Lan Kode Propioa aldarrikatzearen batera; eskatu behar dugu lanbide arteko akordioaren bidez 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea, borroka sindikalak sustatzen ditugun bitartean, prekaritatea borrokatu eta eskubideak irabazten joateko. Estatu mailako pentsio sisteman inposatutako murrizketak atzera botatzea exijitu behar dugu, eta aldi berean, EAEko eta Nafarroako Gobernuak pentsio apalenak 1.080 eurotaraino osagarritzera behartu eta Gizarte Segurantza propioa aldarrikatu. Bertoko Gobernuak zerga-erreformari heldu eta zerbitzu publikoetan inbertsio gehiago egitera bultzatu behar ditugu, enplegua egonkortu eta ratioak hobetzeko erabakiak behartu; zaintza sistema publiko-komunitarioaren sorreran aurrera egin dezaten lortu behar dugu; eta erabil ditzatela euren baliabideak babes sozialeko sistema hobetzeko, egungoak ez baitu eragotzi pobreziaren mugan gero eta jende gehiago egotea.

Horregatik guztiagatik diogu Greba Orokorrak ez behin, bi aldiz egokia dela. Baliatu dezagun aukera enpresetan borroka sindikalak biderkatzeko, auzo eta herrietan mobilizazio soziala sustatzeko, eta gure Herrian aldaketa politiko eta sozialak bultzatzeko. Ikusle hutsak izan baino, izan gaitezen aldaketaren eragile.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.