2024-11-22
HomeEkintza Soziala«Bankuek estres testak gainditzeak ez du esan nahi finantza-erakundeek bete beharko luketen...

«Bankuek estres testak gainditzeak ez du esan nahi finantza-erakundeek bete beharko luketen eginkizun soziala betetzen denik»

Kutxabank pribatizatzearen aurkako Plataformaren ustez, estres testak gainditzea ez da inolako bermea frogatzeko bankuen benetako kaudimena, beren aktiboen benetako balioa, eta askoz gutxiago ikusteko ea benetan betetzen dituzten beste eginkizun batzuk, esaterako zerbitzu publiko izatea, sare produktiboarekiko inplikazioa eta aberastasunaren bidezko banaketarako tresna izatea.

Kutxabank pribatizatzearen aurkako Plataformaren irakurketa Bankuen estres testaren aurrean
Estres testak gainditzeak ez du esan nahi finantza-erakundeek bete beharko luketen eginkizun soziala betetzen denik

«Estres testak gainditzeak ez du esan nahi finantza-sistemak bere eginkizun soziala betetzen duenik. Oraingo test hau bankuek eta Europako Banku Zentralak Oliver Wyman aholkularitzarekin egin dute, bankuen esku hamarna milaka milioi euro jarri eta gero, akziodunen interesak bermatzeko.

Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearen esanetan, nota ona lortzeko eragiketak egin ondoren akzioak saldu behar dira eta akziodunen irabazi aukerak hobetu.

Kutxabank pribatizatzearen aurkako Plataformaren ustez, estres testak gainditzea ez da inolako bermea frogatzeko bankuen benetako kaudimena, beren aktiboen benetako balioa, eta askoz gutxiago ikusteko ea benetan betetzen dituzten beste eginkizun batzuk, esaterako zerbitzu publiko izatea, sare produktiboarekiko inplikazioa eta aberastasunaren bidezko banaketarako tresna izatea. Krisian kiebra jo zuten erakundeek ere, zeinak orain eta etorkizunean diru publikoz sostengatuak izango diren (Bankia, Catalunya Caixa, Irlandakoak, etab.), gainditu zituzten aurreko test eta kontrolak. Bestalde, proba hauetatik onik ateratzeak ez du esan nahi finantza-erakundeek kreditua emango dutenik, hots, beren benetako funtzioa beteko dutenik.

Test hauek irizpide berriekin egin dira, eta hauek ikuspuntu sozialetik zalantzan jartzekoak dira, izan ere, finantza-erakundeek sare produktiboarekiko duten konpromisoa zigortu egiten baitzuten; ondorioz, nota hobea ateratzeko finantza-erakundek empresa estrategikoetan zituzten akzio-pakete handiak saldu dituzte. Esaterako, Kutxabankek enpresa industrialetako bere aktiboak murriztu egin ditu, eta 340 milioi euroko balioa zuten hainbat kontratu putre-funtsei saldu die (horren truke 5 milioi euro besterik ez duelarik jaso, bitartekarien komisioak kendu eta gero). Etekinak lortzeak estres testeko emaitza hobetzen du, horretarako komisioak igo, etxe-gabetzeak agindu, gizarte-ekintza murriztu edota lanpostuak kendu nahiz langileen soldatak jaitsi behar badira ere; haatik, horrek ez du inola ere esan nahi finantza-erakundeek bete beharko luketen eginkizun soziala betetzen denik. 

Gure Plataformak ohartarazi nahi du Kutxabankek beste finantza-erakunde batzuk erosi balitu, zuzendaritzaren eta pribatizazioa babestu duten alderdien nahiari jarraiki, estres testean askoz nota txarragoa aterako zukeela. 

Estres testak, bere logikaren arabera, frogatzen du Kutxabankeko akzioak saldu beharrik ez dagoela. Bere akziodunen artean kapital pribaturik ez sartzeko konpromisoa hartu beharko litzateke, eta akzioen %100 kapital pribatuarengandik aparte mantendu. Gogoratu beharrekoa da egungo Kutxen Legeak akzioen %100 banku-fundazioen esku mantentzeko aukera ematen duela, baldintza jakin batzuk betez gero, besteak beste, kaudimena bermatzeko funts bat sortzea. Halako funts bat sortzeko zenbat diru beharko litzatekeen ez dute inoiz zehaztu, baina argudiotzat erabili izan du Kutxabankeko zuzendaritzak etorkizunean kapital pribatuaren sarrera justifikatzeko. Estres testen datuek diotenez, ordea, funts hori oso txikia izan beharko litzateke, eta ondorioz, Kutxabankek ukatu egin beharko luke bere akziodunen artean kapital pribatua sartzea. » 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.