2024-11-22
HomeEkintza SozialaHirugarren hiruhilekoaren enplegua suntsitu da eta prekarietateak gora egin du

Hirugarren hiruhilekoaren enplegua suntsitu da eta prekarietateak gora egin du

Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu dituen datuen arabera, Hego Euskal Herrian lan egiten duen jende kopurua murriztu da aurtengo hirugarren hiruhilekoan, 1.127.600 lanpetuetan kokatuz, hots, aurreko hiruhilekoan baino 5.200 lagun gutxiago.

Balantzea bi aldiz negatiboa da: lanpostuen galera hau enpleguarentzat onbera izan ohi den urtaro batean gertatu da, udarako kanpainari lotutako jardueretan. Honez gain, honek lan aukerak larriagotzen dituen ezbehar berria dakar, azken sei urtean 190.000 lanpostu suntsitu ondoren.

Honen harira, garrantzitsua da azpimarratzea langabeziak behera egin izana irudikeria hutsa dela, biztanleria aktiboak behera egin izanaren ondorio hutsa delako. Fenomeno honi loturiko hainbat factore daude: biztanleriaren zahartzea, ekonomia-zioengatik jendeak emigratzea, ikasketa urteak luzatzea edota enplegua aktiboki bilatzeko itxaropenik ez izatea.

Ez da harritzeko krisialdia luzatu izanak nahiz gobernuen politikek eta erreformek porrot egin izanak “etsipen” efektua eragin badute. Abagune honetan, langabezia egoerak kronifikatu izana gero eta larriagoa da. Izatez, gaur egun, Hego Euskal Herrian, urte bat baino gehiago lan bila dabiltzan 129.000 pertsona daude langabezian. Horrek esan nahi du langabetuen %64a iraupen luzekoak direla.

Bestalde, ohartu gara urteko hirugarren hiruhilekoan eta enplegua etengabe prekarizatu izanaren ondorioz, iragankortasun tasa %21,3koa izatetik %22,9 izatera igaro dela. Sortu diren behin-behineko enplegu kopurua (termino garbietan) suntsitu diren enplegu mugagabeen kopurua baino handiagoa izatearen ondorio da.

Honez gain, salatu behar dugu pitinka-pitinka ordezkatzen ari dela egun osoko enplegua egun zatikoaz.

Azken urtean, biztanleria landuna %0,6 eskasean handitu zen Hego Euskal Herrian. Hala ere, horrek ez du esan nahi lana sortu denik. Egia esateko, dagoen lana pertsona gehiagoren artean banatzen da.

Horrela, azken hamabi hilabeteetan lanaldi partzialean diharduen biztanleria 16.000 pertsonetan handitu da, baina era berean, lanaldi osoan diharduen biztanleria 9.700 pertsonetan urritu da. Honez gain, lanaldi partzialeko enpleguari lotutako soldata lanaldi osoko enpleguetan ordaintzen den batez besteko soldatarekin alderatuz, %33,7 txikiagoa da.

Hitz batez, sortzen dena baino enplegua gehiago suntsitzen da, hura gero eta prekariagoa da, kalitate kaskarragoa eta soldatak gero eta txikiagoak dira. Baldintza hauetan ez da harritzekoa pobrezia gero eta gehiago hedatzen bada, baita jardunean dauden langileen artean ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.