2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLangile migrante baten lan heriotza salatu eta Nafarroako landa eremuko esplotazioa amaitzeko...

Langile migrante baten lan heriotza salatu eta Nafarroako landa eremuko esplotazioa amaitzeko neurriak exijitu ditugu

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Iruñean, Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, iragan irailaren 15ean Zarrakaztelun gertatu zen 62 urteko langile migratzailearen heriotza salatzeko eta Nafarroa Garaiko landa eremuan izaten diren esplotazio eta prekaritate egoerak buka daitezen berehalako neurriak jar ditzaten eskatzeko.

Lehenik eta behin LABek adierazi nahi du Zarrakaztelukoa ez zela trafiko istripu soil bat izan. Lan istripua izan zen, lan segurtasunerako araudiak berak in itinereistripuak lan istripu bezala katalogatzen baititu. Baina, gainera, sindikatu honek lortutako informazioaren arabera, hainbat itzal daude gertakari honen atzean, mahai gainean jarri nahi dituenak.

Hona hemen LABek bildu ahal izan duen informazioa:

  • Arturo Rojas Castaños 62 urteko langile migranteak egoera laboral ezegonkorra bizi zuen. Lau kontratu ezberdin izan zituen udan zehar, horietako bi erregimen orokorrean eta beste bi nekazaritza erregimen berezian.
  • Azken kontratuak Caparroson kokatzen du bere aktibitatea, baina ez dago argi nora zihoan lanera istripua izan zuen goiz hartan. Izan ere, abiatu zen Figarol herritik Caparrosoraino 30 kilometro daude.
  • Enpresarekin zuen harreman kontraktuala irailaren 12an agortutzat eman zen eta, ondoren, ezaguna ez den data batean, prorrogatua izan zen irailaren 15 arte; heriotzaren egunera arte, alegia.
  • Hildakoak, hegoamerikar jatorriko beste langile talde batekin batera, Zarrakaztelu inguruko mendialdeko txabola batean lo egin izan zuen, baldintza kaskarretan.
  • Bere bizitzaren azken egunetan Figarolen hartu zuen aterpe eta bertatik hainbat kilometro egiten zituen bizikletaz. Goizeko ibilbidearen zati bat ilunpetan egin behar izaten zuen, bere burua arriskuan jarriz; hain zuzen ere, istripua goizeko 6:48ean gertatu zen.

Aipatutako egitateak kontuan hartuta, LAB sindikatuak honako galdera hauek plazaratu nahi dizkio Lan Ikuskaritzari:

  • Zein zen langilearen kontratazio egoera?
  • Heriotzaren unean kontratupean zegoen? Noiz utzi zen bertan behera istripua izan baino hiru egun lehenago emandako baja agindua?
  • Nora zihoan lanera? Bazihoan leku horretan betetzen da prebentziorako legedia? Badaude jasoak arriskuak eta neurri prebentiboak ebaluazioan? Formakuntzarik jaso zuen? Osasun zaintzarik?
  • Nola da posible enpresak garraio modu segururik ez jartzea horrelako egoeran, jakinik arrisku ebaluazioan in itinerearriskuak eta dagozkien neurriak integratu behar direla?
  • Badago ordutegiaren inguruko kontrolik aktibitatean? Mugikortasunaren arriskua jasoa dago?

Galdera horiek guztiek ez dute erantzun argirik une hauetan, eta ikerketa bat abia dezan eskatzen diogu Lan Ikuskaritzari, lan istripu honen atzean dauden zalantzak argitu eta ardurak zehaztu daitezen.

Argi dago muturreko esplotazio eta prekaritate egoera bat bizi zuela Arturo Rojasek, eta egoera horrek zerikusi handia izan zuela bere heriotzan. Datu guztien arabera, noizbehinkako lanak eginez bizi zen eta enpresariak agindutako toki ezberdinetara joan behar izaten zuen goizeko ordu txikietan, 62 urterekin, bizikletaz distantzia handiak eginez. Zenbat langile daude Arturo Rojasen egoera berdinean Nafarroako landa eremuan?

Huerta de Peraltako borrokaren harira duela bi urte salatu genuen Nafarroako landa eremuan esplotazio eta prekaritate egoera ugari daudela; izan ere, besteak beste, Atzerritartasun Legeak sortzen duen ahuleziaz eta babesgabetasunaz baliatzen dira hainbat eta hainbat enpresari langile migratzaileak esplotatzeko, edo egoera oso prekarioan erabiltzeko. Ordutik hona ez da behar bezalako neurririk hartu ez Lan Ikuskaritzaren ez Nafarroako Gobernuaren aldetik. Gauzak horrela, LAB sindikatuak jarraituko du, migranteen kolektiboekin eta eremu honetako eragileekin elkarlanean, halako egoerak salatzen eta neurri zuzentzaileak exijitzen. Era berean, LAB sindikatuak jarraituko du bere ekintza sindikala ahalik eta lantoki gehienetara eramaten, uste osoa baitu langileen eskubideak defendatzeko modurik onena dela langileak antolatzea eta sindikatu borrokalari baten babesarekin borrokatzea.

Horixe erakutsi du, beste gauza askoren artean, Huerta de Peraltako esperientziak, zeinetan langileen antolakuntzak  eta ekintza sindikalak hobekuntza nabarmenak ekarri baititu langile horien lan baldintzetan. 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.