2024-11-22
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakLABek balorazio positibo egiten du Kristau Eskola, AICE/IZEA eta sindikatuon artean sinatutako...

LABek balorazio positibo egiten du Kristau Eskola, AICE/IZEA eta sindikatuon artean sinatutako akordioaren inguruan

Lehenik eta behin, irakurketa orokorra eginda, positibotzat hartu nahi dugu prozesu luze honetan LABek Negoziazio Mahaietan behin eta berriro planteatu dituen negoziazio gai guztietan, aurrera pausuak jasotzen direlako:

• EAEko Lan hitzarmena berehala aplikatzea, estatukoa alde batera utziz.
• Lanpostu guztiak mantenduko direla bermatu.
• Zorraren kitapenerako akordioa lortu.
• Ikastetxeen kudeaketarako eta parte-hartzerako mekanismoak adostu.
• Eusko Jaurlaritzari interpelazioa egitea gaur egungo markoa gainditzeko.

Alde horretatik, oso positiboki baloratzen dugu ere, Gizarte Ekimena bezalako eremu batean, lehenengo aldiz guretzat hezkuntza esparrua eraldatzeko funtsezkoak diren gaiak jasotzen direla: langileen parte hartzerako mekanismo eraginkor berriak, finantziazio eredu berriaren beharra, ikastetxeetako gardentasunerako bideak zabaltzea, administrazio publikoaren inplikazioaren beharra afera hauetan eta Euskal Hezkuntza eremuaren beharraren aitortza.

Zentzu horretan aurreko ikasturtean, EAEko irakaskuntza kontzertatuko beste eremu nagusia ordezkatzen duten ikastoletan, LAB, Partaide eta EIBren artean adostutako akordioaren filosofia, negoziazio gaiak eta hainbat neurri akordio honetan oinarri izan dira. Ez dugu ahaztu gabe utzi nahi momentu honetan Gizarte Ekimena eremuan gehiengoa duen ELA sindikatuak akordio honi egindako kritika gogorra eta bera epaitegietara eraman izana, akordioa bera ikastolaz ikastola berretsi izan bazen ere; kasu askotan, ELAren delegatuen babesarekin ere.

Baina badira aldi berean akordio honetan oharkabean pasatzen utzi ezin ditugun elementuak:

• 2013ko abenduan Kristau Eskolak Ikastoletako akordioan oinarritutako proposamena jarri zuela Mahai gainean; gehiengo sindikalak aukera hau baztertu zuen bere interes propioa aurrean jarriz. Hau dela eta, LABek batasun sindikaletik ateratzea erabaki zuen, negoziazioetan jarraituz.
• Kristau Eskola eta ELA sindikatuaren artean negoziazioaren bukaera partean erakutsitako jarrera: mahai negoziatzailetik kanpo itxitako akordioa da; gerora ez LAB, ez beste sindikatuen ekarpenik jaso ez delarik. Hau aztertzeko, egun gutxi batzuetako epea eman zaigu, epeak luzatzeko aukerarik eman gabe.

• Enpleguari dagokionez, konpromiso orokor batzuk eta kontratazioak aztertzeko batzordeen osaketaz harago neurri zehatzik ez da jasotzen. Ezin dugu ahaztu, enpleguari dagokionez, Gizarte Ekimenean azken urteetan eta hilabeteetan bizi izan den errealitatea, non hamaika lanpostu suntsitu diren; kasuren batean eskola ixteraino, aurreko ikasturtean ezaguna izan zen Bilboko Ibaigane ikastatxea bezala. Eta jakitun gara arrisku berbera duten Gizarte Ekimeneko beste eskolak batzuk ere badaudela. Zentzu honetan, aldea badago ikastoletako errealitatearekiko, non azken urteotan hezkuntza proiektuaren etorkizunari bide emanez zentrorik itxi ez eta lanposturik ez den suntsitu.

• Azkenik, azken urteotako soldata murrizketen ondorioz langileekiko pilatutako zorra kitatzeko planteatu dela formula bereziki kezkatzen gaitu. Hain zuzen ere, non administraziotik etor daitezkeen diru ekarpen berriak. LAB, sortuko den Batzorde Parekidean, adi egongo da datorren dirua era orekatuan erabiltzeko. LABek argi dauka Gizarte Ekimeneko langileekiko sortu den zorra kitatzearen beharra, baina uste dugu denok erantzukizunez jokatu behar dugula ikastetxe hauen biziraupena bermatu eta lanposturik ez suntsitzeko.

Zentzu honetan akordio honek guretzat funtsezkoak diren gai berriak barnebiltzen dituela esan behar dugu; funtsezko gai horiekiko maila ezberdinetako konpromiso eta bitartekoak jasotzen dituela; eta Ikastoletan adostu genuen akordioaren norabidean dagoela. Hori bai, batez ere enpleguari, gardentasunari eta langileen parte-hartzaileari dagozkionean, Gizarte Ekimenean eta Ikastoletan azken urteotako bilakaera zeharo ezberdina izan da. Lehenengoan lanpostuak suntsitu diren bitartean, bigarrengoan mantendu dira. Eta hau, bertan erantzukizun nagusia dutenek gaiari eman dioten garrantzi apalaren ondorio izan da.

Horregatik, LABek indar guztiak hurrengo hilabete jarriko ditu, akordioaren aplikazioari jarraipen zehatza eginez, lanposturik suntsi ez dezaten, eta gardentasuna eta langileen parte-hartzea berma dadin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.