2024-11-22
HomeNafarroako GobernuaTuterako Ospitalea: lan bera, soldata bera

Tuterako Ospitalea: lan bera, soldata bera

Tuterako Ospitaleko langileek berriz ere erakutsi dute ez daudela ados, txanda berean lan berdina egin arren, soldata bera kobratzen ez duten profesionalen artean gertatzen ari diren bidegabekeriekin. Kontu hori sisteman errotuak dauden ekitate gabeko beste egoera askoren izebergaren punta besterik ez da, non kasu askotan bereizketak egiten baitira profesionalen artean, are kategoria bereko langileen artean ere.

Langileek, besteak beste, jaiegun berezien kontzeptuaren ordainketari buruz egiten duten aldarrikapena ez da berria, ez eta Tuterako Ospitaleko erreibindikazio berezi bat ere, Osasunbidea osoan gertatzen baitira horrelako bidegabekeriak. Jaiegun bereziak (Eguberriak, sanferminak, herrietako jaiegunak…) guardiako langileek bakarrik kobratzea –eta ez gainerako langileek– langileen zenbait ordezkarik negoziatutako prebenda bat da, legez ezarritako negoziazio-mahaietatik erabat kanpo adostu zutena.

Baina horrelako ordainketa-sistema diskrezionalak ez dira kolektibo batenak soilik; izan ere, askotan gertatzen da kategoria bereko bi lankidek soldata desberdinak izatea, baita ordutegi desberdinak ere, nahiz eta biek eginkizun berberak izan eta kategoria bereko lanpostuetan aritu.

LAB sindikatutik horrelako praktikak salatzen ditugu, eta, horien artean, bereziki, produktibitateen ordainketa. Izan ere, sistema hori ez da ez eraginkorra, ez bidezkoa, ez ekitatiboa.

Hemendik gure babes osoa “lan berdina, soldata berdina” aldarrikatzen duten langileei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.