2024-11-22
HomeFederazioakIndustriaIndustriaren trantsizioa nola ez den egin behar erakutsi digu Eusko Jaurlaritzak Arcelor...

Industriaren trantsizioa nola ez den egin behar erakutsi digu Eusko Jaurlaritzak Arcelor Mittal Zumarragan

LABek komunikabideen bidez jakin du Eusko Jaurlaritzak Arcelor Mittal multinazionalari Zumarragan zuen lantokiko zati handiena erosi diola 7 milioi euroren truke. Adierazgarria da Eusko Jaurlaritzak ez jakinarazi izana bertan lanean dauden langileekin zer gertatuko den.

Eusko Jaurlaritzak propagandarekin ezkutatu nahi duen industria politika ezaren erakusle argia dela deritzogu eta Euskal Herriko industrian eman behar den eraldaketa nola ez den egin behar erakusten digu.

Hasteko gogoratu nahi dugu Espainiako lan erreformaren aplikazio bortitzaren aitzindarietako bat izan zela Arcelor Mittal Zumarragako lantokiaren itxiera. 300 lanpostu zuzen eta zeharkako 200 lanpostu desagertzea ekarri zuen bidegabeki. Prozesu horretan, Eusko Jaurlaritza lagun izan zuen multinazional indiarrak eta ez zuen inolako konpromisorik hartu itxieraren aurrean.

Itxiera gertatu zenean salatu genuen Arcelor Mittalek kutsatutako lurrak ez tratatzeko trikimailua zela altzairutegia biltegi moduan erabiltzea, eta denborak arrazoia eman digu: Herrigunetik gertu dauden kutsatutako lurrak bere horretan mantendu dira.

Orain, era onartezinean, Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro eman dizkio Arcelor Mittali lurren truke, eta multinazionalari dagozkion deskontaminazio lanak guztion artean ordainduko ditugu. Kaleratutako langileek beraiek, euren zergak ordaintzean, Arcelor Mittali dagokionaren zati bat ordainduko dute. Lan erreformaren bidez ehundaka lanpostu desagertzearen truke saria eman zaio Arcelor Mittali. 2021 urteko lehen 6 hilabeteetan 5.312 milioi euroko irabazi garbia izan duen Arcelor Mittal multinazionalari. Inolako konpromisorik eskatu gabe.

Lur horietan etorkizunean jarduera berriak egin ahal izatea ongi ikusten dugun arren, ez da onargarria Zumarragako herria eta eskualdean sekulako ondorioak utzi dituen itxiera bidegabearen erantzule den Arcelor Mittal horrela saritzea.

Industriaren trantsizioaren beharraz hitz egiten duten garaiotan, LABentzat egin behar ez den trantsizioaren eredua da Arcelor Mittal: langileak kaleratuak lan erreformaren erabilera perbertsoaz, eta instituzioak, enplegua babestu beharrean, bere gain hartu du enpresa jarduerak ingurumenean eragindako kalteen ardura.

Zumarragako alkateak aipatu duen duen balizko proiektu berriaren inguruan ez dute sindikatuekin inolako hartu emanik izan, eta LABek zuhurtziaz jaso du, ohikoa izaten ari baita horrelako iragarpenak arinkeriaz ematea.

Dena den, etorkizunean proiektu berririk ezartzeko aukerarik balego, LABentzat instituzioak ezin dira finantzaketa edo lur sailak eskaintzera mugatu. Inbertsoreei dagokie lan baldintzen, enpleguaren eta ingurumenaren inguruko bermeak eskatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.