2024-11-22
HomeEkintza SindikalaGarbiñe Aranburu: «Arazo politikoari erantzun politikoa»

Garbiñe Aranburu: «Arazo politikoari erantzun politikoa»

Garbiñe Aranburu, LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko Idazkaria


«Erreformaz erreforma patronalari geroz eta aukera gehiago eman zaizkio langile klasea ahuldu eta prekarietatean sakontzeko. Azken erreformak orain arteko oreka apurra erabat hautsi du, patronalari aldebakartasunez aritzeko aukera emanez eta indar guztia bere alde jarriz.

Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren zutabe garrantzitsua izan da negoziazio kolektiboa. Lan erreformarekin, hau tresna moduan indargabetu egin da eta langileok eskubideak defendatzeko geroz eta muga gehiago ditu.

Patronala negoziazio kolektiboa blokeatzen ari da, soldata eta lan baldintzak hobetzen ez dituen edota lan erreformari aurre egiten ez dion hitzarmena sinatzeko ez bada, ez du akordiorik nahi. Hori da aitortzen dion balioa, legediak ematen dizkion aukera guztiekin euren neurrira eginiko hitzarmenak sinatzea eta bidea sindikatuon oniritziarekin egitea lortzen badute, askoz hobeto haientzat. 

Ez da egia hitzarmenak sinatzeak zuzenean langileon posizioa hobetzen duenik. Lan erreformaren kontrako klausula argiak eta gutxieneko batzuk jasotzen ez dituzten hitzarmenak sinatuz gero, Nafarroan ikusten ari garen moduan, CCOO eta UGT gehiengoa direnetan, patronalak lan kostuak murrizteko duen asmoa erraztu baino ez da egiten. 

LAB joko horretan ez da eroriko. Negoziazio eremu guztien alde egiten dugu. Eskubide hori gure esparruan mantentzearen alde egitea LABentzat lehentasunezkoa da eta hitzarmen horiek gutxieneko eduki batzuk bermatzen dituztela ziurtatzea da gure borroka. 

Hitzarmenetan lan erreformaren ondorioak saihestea eta soldata eta lan baldintzen hobekuntzan aurrera egitea lan nekeza ari da izaten. Gainera, geroz eta langile gutxiagok dute negoziazio kolektiborako eskubidea. Hori da enpresetan bakarrik negoziatzearekin bilatzen dena. Berriro ere baldintzarik txarrenetan dauden langileak, hitzarmen duinak negoziatzeko inolako aukerarik ez dutenak, dira kaltetuenak.

Enpresaz enpresako eztabaidara mugatu nahi gaituzte, txantaia eta beldurraren bidez langileek amore ematea beste biderik izan ez dezaten. Baldintza horietan, borrokarako gaitasunik ezean, akordio izenez mozorrotzen diren inposaketak gertatzen dira.

LABek oso argi du erronka zein den: enpresetan konfrontazioan oinarritzen den ekintza sindikala, patronalarekiko aurrez aurrekoan, txantaiaren aurrean amore emango ez duena. Sortzen dugun presioaren bidez patronala derrigortu egin behar dugu hitzarmen duinak negoziatzera. 

Enpresetan borroka bai, noski. Baina arazo politiko larri baten aurrean gaude, eztabaida guztiz politikoa da, ze nolako herria izan nahi dugun dago jokoan. Egungo lan harreman ereduak, herri pobrea izatera garamatza. Alternatiba Lan Harreman eredu berri bat eraikitzea da. 

Eztabaida publiko eta politiko-instituzionalean eragin behar dugu. Noski patronalak ez duela eredu berririk nahi, ez du behar. Bertako Gobernuak ere ez. Hori da bere eremuan egiten duena: negoziazio kolektiboa ukatzen du dekretuen bidez arautuz eta euskal esparrua bermatzeko erabakirik hartu gabe. 

Eztabaida hori sustatu eta norabide horretan erabakiak behartzeko, proposamenak eta mobilizazioa uztartu behar dira. Horretarako proposamena mahai gainean du LABek. Borroka hori egitea lehentasunezkoa izango da guretzat aurten.»

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.