2024-11-22
HomeErrepresioaLABek Urtzi eta Telleri elkartasuna adierazteko Aske Gunean parte hartzeko deia luzatu...

LABek Urtzi eta Telleri elkartasuna adierazteko Aske Gunean parte hartzeko deia luzatu nahi du

Injustiziaren aurrean, Urtzik eta Tellek desobedientziaren hautua egin dute eta ez dira euren kabuz espetxean aurkeztuko. Horregatik, elkartasuna adierazteko eta beste eredu sozioekonomiko bat aldarrikatzen jarraitzeko, Urriaren 11n Grebalariak Aske plataformak ASKE! GUNEA antolatuko du Deustuko Done Petri Plazan.

Aske! Gunearen helburua elkartasuna adieraztea eta Urtzi eta Telleri babesa ematea da. 5 orduko kontzentrazioa egingo da, mugimendu feministaren, sindikatuen, eragile sozialen, erakunde politikoen, gazte mugimenduaren eta abarrekoen parte-hartzearekin.

Aske! Gunea goizeko 10etan hasiko da. Goiz osoan zehar, elkarretaratzeaz gain, elkartasun keinuak burutuko dira bertan, eta 14:00etan elkarreratze nagusia egingo da, “Ez zaituztegu bakarrik utziko” lelopean.

Sindikatuoi 12:00etan bertan egotea egokitu zaigu eta LABetik gure militantzia osoari bertan parte hartzera deitzen diogu.

Grebalariak Aske Plataformak ostiralean eskainitako prentsaurrekoaren edukiak
Berriro ere hemen gaude, zuen aurrean, gure bi auzokideri, Urtzi eta Telleri elkartasuna eta babesa adierazi nahian.

Bidegabekeria hau orain dela bi urte hasi zen, Urtzi Martinez eta Jon Telletxea Irantzu Yaldebere eta Aitor Fernandezekin batera atxilotu zituztenean, 2012ko martxoko greba orokorrean gertatutako istilu batzuetan parte hartu izana leporatuta.

Ostean, epaiketa fartsa hasi zen. Grebalariak Aske plataformak hasieratik salatu duen bezala eta epaiketan demostratu zen bezala, auzi hau muntai poliziala besterik ez da. Muntai polizialaren teoria berresteko, Ertzaintzak manipulatutako frogak eta zentzurik gabeko testigantzak oinarrizkoak izan ziren.

Hala ere, bidegabekeriak aurrera jarraitu zuen eta Urtziri eta Telleri urtebete eta erdiko espetxe zigorra ezarri zieten, desordena publikoengatik, zehazki epaitegiaren kanpoaldean margoketa batzuk egiteagatik. Aitor eta Irantzu kargu guztietatik absolbitu zituzten. Baina, denok dakizuen bezala, fiskaltzari zigor hori ez zitzaion aski iruditu, eta helegitea jarri zuen, mozorroaren astungarria kontuan hartu ez zela argudiatuz, Urtzik eta Tellek aurpegia estalita baitzeramaten margoketak egiteko orduan. Errekurtsoak aurrera egin zuen bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zieten. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra bi gazteri ustezko Estatu “demokratiko” honetan greba batean margoketa batzuk egiteagatik!!

Hamar eguneko epea eman diete espetxean aurkezteko. Epea gaur bukatzen da, baina Urtzi eta Telle ez dira espetxean aurkeztu, eta ez dira aurkeztuko.

2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean kalera atera ginen lan erreforma eta Estatu arrotz eta klasista honek inposatzen dizkigun legeak eta sistema salatzeko kalera, eta arrazoi beragatik gaur ere kalera atera gara; arrazoi beragatik, gaur Urtzi eta Telle ez daude gure artean. Zuen legeak, zuen erreformak, zuen sistema kapitalista, sexista, homofobo eta arrazistak, zuen bizi ereduak guretzako ez duelako balio!

Urtzi eta Telle fisikoki ez egon arren, mezu bat utzi digute gaur zuei helarazteko. Irantzu istilu berdinetan parte hartzeagatik inputatua izandakoak irakurriko digu Urtzi eta Telleren gutuna.

Urtzi Martinez eta Jon Telletxearen gutuna
«Gaur hemen egotea nahi zuten, gure burua montaje guzti hau ahalbidetu izan duten instituzio burges eta eskirolen aurrean entregatzea nahi zuten. Auzitegi hauek izan ziren duela bi urte greba batean emandako istilu batzuengatik norbaiti “zigor eredugarria” ezarri behar ziotelako auziperatu gintuztenak.

Atxilotu gintuztenetik gaurdaino, bide luze eta astuna izan da gaur hemen ez egotera ekarri gaituena. Denbora guzti honetan astero sinatu behar izan dugu epaitegietan, froga faltsuetan oinarritutako auzi batean murgildu gintuzten, zipaio bat bestearen atzetik entzun behar izan genituen epaiketan gu inkulpatzen… eta epaiketaren ostean sententziaren zain, errekurtsoaren zain, eta azkenengoz kartzelaratze aginduaren zain. Guzti honek 2 urtez gure bizitzak eta maite gaituztenen bizitzak baldintzatu ditu, proiekturik eraikitzeko inolako aukerarik gabe.

Gure bizitzen gaineko erabaki ahalmena eduki nahi izan dute, eta gaur hemen bi urtez espetxera joateko aurkeztea hartu nahi zuten beste erabaki bat zen. Baina ez diogu inori gugatik erabakitzen utziko. Beste eredu sozioekonomiko baten alde kalean borrokatzeagatik atxilotu gintuzten, Euskal Herri libre, sozialista eta feminista bat eraikitzen genbiltzalako. Eta horretan jarraitzen dugu.

Egoera berean egon diren eta dauden beste hamaika euskal herritarrek bezala, desobedientziaren aldeko hautua egin dugu. Desobedientziaren bidea hartu dugu ez ditugulako instituzio arrotz hauek legitimatuko, desobedientzia audientzian epaituak izaten ari diren 28 gazteek bezala justizia eta legearen artean justizia aukeratzen dugulako, desobedientzia herri oso baten erabakia delako.

Gutun honekin bukatu aurretik, ez dugu eskertu gabe utzi nahi gertutik zein urrunetik gure ondoan egondakoen elkartasun eta babesa; Euskal Herri libre, sozialista eta feminista eraikitzeko bide zail eta luze hau eder bihurtzen duzuelako. Eta, nola ez, ezin ditugu bidelagun izan diren Irantzu eta Aitor ahaztu. Mila esker guztiei! Laster kalean ikusiko dugu elkar!»

Urtzi eta Tellek esan bezala, desobedientziaren hautua egin dute. Horregatik, Urtzi eta Telleri elkartasuna adierazteko eta beste eredu sozioekonomiko bat aldarrikatzen jarraitzeko, urriaren 11n, larunbata, Grebalariak Aske plataformak Askegune bat antolatuko du Deustuko San Pedro plazan.

Esan bezala, askegune horren helburua elkartasuna adieraztea da, eta horretarako 5 orduko kontzentrazioa egingo dugu mugimendu feminista, sindikatu, eragile sozioekonomiko, erakunde politiko, gazte mugimendu eta abarrekoen babesarekin. Goizeko 10etan emango diogu hasiera askeguneari, eta goizean zehar, elkarretaratzeaz gain, elkartasun keinu ezberdinak burutuko dira bertan. Eguerdiko ordu bietan elkarretaratze nagusia burutuko dugu, “ez zaituztegu bakarrik utziko” lelopean.

Elkartasuna adierazteko momentua heldu da. Hemendik, beste eredu sozioekonomiko batean sinesten duen pertsona orori dei egiten diogu. Denok zaudete askegunera gonbidatuta, denok zarete beharrezkoak egun horretan. Denok grebalariak izan ginelako eta garelako, Urtzi, Telle ez zaituztegu bakarrik utziko!

Grebalariak Aske!

 


 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.