Atzo, abuztuak 16, beste langile bat hil zen istripu ez traumatikoan. Moyua enpresako 54 urtetako I.S.A. hil egin zen Ormaiztegin. Bost egunetako epean lan istripuz hiltzen den bigarren langilea da, abuztuaren 12an Donostiako Garbiketa Aldi Baterako Enpresa Elkarteko (ABEE) M.S.L. hil baitzen Gipuzkoako hiriburuan. Gaur bertan salatu dute azken heriotza hau hildakoaren lankideek.
Azken hildako hauekin, gutxienez 38 dira Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz hil diren langileak 2021ean. LAB sindikatutik, gure babesa helarazi nahi diegu hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.
Istripu ez traumatikoak ere lan-istripuak dira. Ez dira laneko orduetan kasualitatez gertatzen, ezta ausaz edo zorte txarragatik ere, patronalak dioen bezala. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira. Frogatuta dago lan-baldintzak, presioak eta estresa funtsezko faktoreak direla bihotzeko istripuetan. Hain zuzen ere ere, hauek bihurtu dira lan istripu hilgarrien arrazoi nagusia. Horrela, 2020an, istripu hilgarri guztien %25a ez traumatikoa izan zen eta aurten, 10 dira honezkero arrazoi honengatik hil diren langileak.
Istripu honen eta laneko istripu guztien atzean langile klasearen lan- eta bizi-baldintzak daude; laneko erritmo altuak, presioak edo autoritarismoa bezalako baldintza txarrak, estresa sortzen dutenak eta honen ondorioz, patologia ugari.
LABen argi dugu bizi eta lan duinak izateko eskubidea dugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Laneko istripuak ez dira zerbait isolatua, ekonomia langile klasearen osasun eta bizitzaren gainetik jartzen dituen eredu produktiboaren isla baizik.
Odoluste honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joku arauen aldaketatik, eredu aldaketatik, etorriko baita konponbidea. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Eta horretarako, ezinbestekoa da mobilizazioa. Horrela, heriotza honen aurrean deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die LABek langileei.