Iribas kontseilariak prentsaurrekoa eman du gaur urriak 1 asteazkena. Bertan adierazi du Nafarroako “errealitate instituzionala” urratzen omen dituzten 22 liburu aurkitu dituela, Torquemada inkisatzailearen tankeran plazan berriz sua piztuz.
Hezkuntzak baditu beste hainbat afera potolo konpontzeke, baina Iribasen azken agerraldietan argi ikusi da, Nafarroako hezkuntza sisteman hainbat arrakala zabaldu direla, besteak beste, PAI, LOMCE eta murrizketek eragindakoak. Sortutako arrakalak estaltzeko, arreta kanpaina politikora bideratu dute, ezker abertzalea eta inguruko sindikatuak, doktrinamendu eta manipulazioan ari direla esanez. Honen haritik dator, prentsaurreko berean LOMCEri aurre egiteko Euskal Herrian Gure Hezkuntza plataformak ateratako Gidari buruz eginiko aipamen maltzur eta manipulatzaileak.
Gaur egun UPNk ez du nafar gehiengoa ordezkatzen. Gobernua duela probesten du aldebakarreko erabakiak hartzeko, Nafar Jendartearen gehiengoaren nahien kontra, parlamentuaren gehiengoaren aurka eta Hezkuntza Komunitatearekin inolako kontsultarik egin gabe.
Iribasek botatako mehatxuen gainetik LAB sindikatuak euskal curriculuma, euskal kultura eta ikasle euskaldun eleanitzak bermatuko dituen kalitatezko hezkuntza sistema baten alde lanean jarraituko du.
LAB sindikatuak, Iribas kontseilariaren dimisioa eskatzen du, hezkuntzan ditugun arazoei aurre egiteko gaitasunik ez duelako eta mamuak besterik ez dituelako elikatzen.