2024-11-22
HomeEkintza SindikalaKontzentrazioa egin dugu Galdakaoko anbulategian lehen mailako arretako zentroetako egoera jasanezina salatzeko

Kontzentrazioa egin dugu Galdakaoko anbulategian lehen mailako arretako zentroetako egoera jasanezina salatzeko

Aurtengo udan, berriro ere, Osakidetzako anbulatorioak eta osasun-zentroak muturreko egoera pairatzen ari dira, langile faltaren eta lan-kargen igoeraren ondorioz. Izan ere, kasu askotan, biztanleek ospitale-larrialdietara jo behar izaten dute, beren erreferentziazko osasun-zentroetan ezin izaten dutelako arreta normalizatua jaso. Pediatriako arretaren kasuan, kaosa are handiagoa da.

Egoera larriaren aurrean, kontzentrazioa egin dugu Galdakaoko anbulategian. Berau aukeratu dugu hiru lurraldeetako Osakidetzako zentro gehienetan bizi den egoeraren adibide gisa. Bertan, erizaintzako eta medikuntzako langileak falta dira, bajan edo oporretan daudelako, eta ez da ordezkapen bakar bat ere egin; beraz, erizaintzako eta medikuntzako agendak behartuta daude; ohiko lanaz gain, gero eta PCR gehiago kudeatu behar dira, eta, beraz, egoera jasanezina da. Barakaldoko Zaballako anbulatorioan, 8 medikuetatik 3 bakarrik egon dira lanean ordezkapenik ez zegoelako, eta erabiltzaileek egunero deitu behar zuten ea zorterik zegoen, eta egun horretarako hitzordua lortzen zuten. Eta horrela, ESIz ESI eta lurraldez lurralde jarrai genezake.

Koktela lehergarria da. Kolapsoaren ertzean dagoen lehen mailako arretari udan langilerik ez izatea gehitzen badiogu, kontrataziorik ez dagoelako eta ordezkatzeko langilerik ez dagoelako, eta COVIDek eragindako lan-kargaren igoera gehitzen badiogu, emaitza negargarria da.

Ildo horretan, salatu nahi dugu egoera honek eragin larria duela jada oso prekarizatuta dauden langileen lan-baldintzetan, eta era berean, osasun-zentro batera joan behar duten herritarren asistentzia-kalitatearen galera eragiten duela.

Beste behin ere, argi dago Osakidetzako zuzendaritzaren aurreikuspenik eza; izan ere, lehen mailako arretarako ibilbide-orri argirik ez dagoenez, beste behin ere neurriak inprobisatzea eta premiazko eta sakoneko neurriak behar dituen egoerari partxeak jartzea erabaki du. Izan ere, martxan jarritako neurri bakarra, hain zuzen ere, anbulatorioen ordutegia murriztea izan da, arratsaldeko 5ak arte soilik irekita egonda, lan-baldintzen prekarietatea areagotuz, baldintza kaskarrak jasaten dituzten langileen presioa areagotuz, eta herritarrei osasun-arreta murriztuz, hain zuzen ere, COVIDeko boskarren olatu baten erdian.

Uda guztietan errepikatzen den egoera hau ez da koiunturala, estrukturala baizik. Urteak daramatzagu salatzen lehen mailako arreta bertan behera utzi dela eta estrategia bat behar dela dituen gero eta arazo handiagoei aurre egiteko; baina Osakidetzak, bere diskurtso mediatikoetatik harago, ez du mahai gainean jartzen lehen mailako arretarako eredu alternatiborik, egungo parametroekin eta euskal jendartearen beharrekin bat datorrena.

Gaur egun, lehen mailako arreta noraezean dabilen itsasontzia da, ESI bakoitza eta ia zentro bakoitza bere kasa abandonatu dago, kaosa da nagusi eta eskaintzen den osasun-arreta aurrera ateratzen da langileen borondate onari esker. Biztanleek zita bat lortzeko borrokatu behar dute, eta anbulatorioetako langileek eskura dituzten baliabide urriekin atera behar dute aurrera lana. Hori guztia tentsio eta amorru handia sortzen ari da, eta, ondorioz, erabiltzaileen eta Osakidetzako langileen arteko liskarrak ugaritzen ari dira, mota guztietako erasoak biderkatuz.

LABek premiazko eta epe luzeko neurriak eskatzen dizkie Osakidetzako zuzendaritzari eta Osasun Sailari, lehen mailako arretaren egoera bideratzeko. Lehen mailako arretaren eredu berri baten aldeko apustu serioa egiteko garaia da, eremu horrek behar dituen baliabideak ziurtatuz. Honekin batera, Enplegu Plan Estrategikoa egiteko garaia ere bada, langile faltarekin, prekarietatearekin eta %40ko behin-behinekotasunarekin behingoz amaitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.