Hainbat hilabetetako gatazkaren eta 95 eguneko grebaren ostean, Bilboko Argiak Aldi Baterako Enpresa Elkarteko (ABEE) langileak akordio batera iritsi dira eta grebari amaiera eman diote.
Bilboko Argiak enpresako langileek tinko jarraitzeko eta ahalik eta borroka aktiboena egindako apustua dela eta, Zuzendaritzak alde batera utzi behar izan du negoziatzeko borondaterik eza, eta, horren ondorioz, akordio bat lortu da, langileen lan-baldintzak nabarmen hobetzen dituena eta aldarrikapen nagusia jasotzen duena: kaleratutako lankidearen berronarketa.
Zuzendaritzaren jarrera itxiaz gain, LABek Bilboko Udalak eta, zehazki, EAJ buru duen Gobernu Taldeak gatazka honetan izan duten papera ere salatu nahi du. Gogoratu nahi dugu Bilboko Argiak Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE) Bilboko Udalaren azpikontrata bat dela. Bilboko Udalak bereari eutsi dio eta bizkarra eman die Bilboko Argiak ABEEko langileei beste behin ere.
LABetik argi daukagu borroka dela langileriak bere lanpostuak, lan-baldintzak eta ondorioz, bizitza duina defendatzeko duen bide bakarra. Bilboko Argiak-eko langileek egindako borroka eredugarria izan da, eta borroka horretan funtsezkoa izan da borrokan ari diren enpresa desberdinen arteko aliantza; ITP,Tubacex, Petronor, H&M… hainbat manifestazio egin dituzte Bilbon, gizartearen babes zabalarekin, eta, gainera, elkarri lagundu diogu unean uneko mobilizazioetan. Horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu jasotako babesagatik, eta LABetik, bereziki, ITP eta Tubacex-eko langileei adierazi nahi diegu haiekin batera borrokan jarraituko dugula kaleratutako pertsona guztiak beren lanpostuetara berme guztiekin itzuli arte.
Azkenik, LABek bere poza helarazi nahi die langileei, lortutako akordio onagatik eta haiekin batera bidea egin ahal izateagatik. Gora langileon borroka!