2024-11-22
HomeOsasungintzaOsasungintza "S.O.S. Nafarroako osasun publikoa"

[IRITZIA] “S.O.S. Nafarroako osasun publikoa”

Iritzi artikulu honetan, LAB Osasunbideko arduradun David Mendazak arduradun politikoei eta osasun kudeatzaileei exijitu die berehala erantzun diezaietela profesionalen eta herritarren beharrei. Era berean, osasun publikoaren defentsa aldarrikatu du:

Bosgarren olatuak soken kontra jarri ditu Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak. Profesionalak falta dira, batez ere erizainak eta fakultatiboak, eta horrek garbi erakusten du gure komunitatea, 600.000 biztanle, bi medikuntza-fakultate eta bi erizaintza-eskola dituena, ez dela gai izaten ari osasunzerbitzu publikoari arreta egokia emateko behar adina profesional erakartzeko.

Azken asteotako presio asistentzialak gure mugak erakutsi dizkigu berriz ere, eta, horren ondorioz, profesional askoren oporrak eta atsedenaldiak kolokan daude, batez ere erizainenak eta, nola ez, pandemiak gehien zigortutako unitateetako langileenak. Urtebetetik gora dirauen pandemiaren ondorioz eta horrek dakarren guztiaren ondorioz (itxaron zerrendak handitzea, prozesu kronikoen segimendu falta, langileen desmotibazioa…), arreta-eskaera handia da, eta handiagoa ere izango da, eta gure sisteman ez dago horri aurre egiteko plangintza edo proiekturik.

Langileen arloan aspaldi hartu behar ziren neurriak hartu ez zirenez, orain, plantillaren egunerokotasunari eragiten dioten hainbat erabaki garrantzitsu nahitaez, presaka eta, kasu askotan, bidegabeki hartu behar izan dira. Horrek guztiak osasunzerbitzu publikoari ospea kendu eta sistema tentsionatu besterik ez du egiten. Gure osasun sistemairaganeko politika neoliberalek ezarritako murrizketak ordaintzen ari da oraindik, eta baliabide publikoen kontura kapital pribatuari mesede egitea bilatzen da uneoro.

Osasunbideko langile gehienek % 200 eman dute pandemiaren garaian, familia kontziliazioari, oporrei eta, askotan, norberaren osasunari ere uko eginez. Oinarrizko laguntzan eta arreta espezializatuan, plantillak, herritarrekin batera, hainbat gabezia jasaten ari dira,Chiviteren gobernuak osasun publikoarekin duen konpromiso faltaren ondorioz, zalantzarik gabe. Gaur den egunean, hiru ordu baino gutxiagoan pertsona gutxi batzuk Madrileraino eramango dituen tren bat eraikitzeko lanak finantzatzen jarraitzen dute, eta, bitartean, herritar gehienek egunak itxaron behar izaten dituzte etxetik metro gutxira daukaten osasun etxean artatuak izateko.

Kasu askotan, bai langileek, bai tarteko burutzek eskuak lotuak dituzte beren eginkizunak eraginkortasunez betetzeko, eta suminduta daude jasaten dituzten bidegabekeria soziolaboralen aurrean. Horregatik, ikusirik langileen lan-baldintzen bilakaera gaiztoa (prekarietatea, lan-gainkarga, gehiegizko ordutegiak) eta haien osasunbaldintzen degradazioa (arrisku psikosozialak, atsedenik eza, Covid-aren ondorioak), eta kontuan harturik epe laburrean osasun egoera hobetzeko itxaropenik ez dagoela, ezinbestekoa da Nafarroako osasun politika lehenbailehen aldatzea, egiturazko aldaketak ekarriko dituen estrategia batean oinarrituta.

Hori lortzeko, premiazkoa da oinarri batzuk ezartzea eragile politiko eta sozialak, osasunarloko profesionalak, hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak, herritarren kolektiboak eta abar kontsentsu batera iristeko eta, denen artean, osasun publikoa blindatuko duen itun sozial bat lortzeko, osasun arloko profesionalek Nafarroako herritarrei estaldura ezin hobea eman ahal izateko.

LABek arduradun politikoei eta osasunkudeatzaileei exijitzen die berehala erantzun diezaietela profesionalen eta herritarren beharrei, eta gainerako eragile soziopolitikoei, Osasunbideko langileei eta herritarrei eskatzen diegu inplika daitezela osasun publikoaren defentsan, etengabe jasaten dituen erasoen aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.