2024-11-22
HomeEkintza SozialaKutxabanken pribatizazioaren aurkako Plataformak giza-katea egin du Donostian

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako Plataformak giza-katea egin du Donostian

Gaur arratsadean Kutxabankeko Administrazio Kontseilua Kutxa banku-fundazio bihurtzeko asmos elkartuko da. Kutxabanken pribatizazioaren aurkako Plataformak mugimendu honekin kontrol publiko eta soziala ezabatuko egingo dela salatu eta EAJ, PP eta PSE baliabide komunitarioen espoliaziorik handiena gauzatzeko behar zuten tresna politiko bilakatu direla adierazi du.

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako Plataformaren gaurko irakurketa
Gaur arratsaldean bilduko da Kutxabankeko Administrazio Kontseilua Kutxa banku-fundazio bihurtzeko asmoz

Kutxa banku-fundazio bihurtzearekin batera kontrol publiko eta soziala ezabatuko litzateke, Vital eta BBKn gertatu den bezala. Hau da gainditu nahi duten azken oztopoa, Euskal Kutxetan jasota dagoen gure aurrezkiaren eta aktiboen kontrola lortu aurretik. Aspaldian ari dira hau lortu nahian, Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak behin eta berriz adierazi izan duen moduan.

EAJ, PP eta PSE baliabide komunitarioen espoliaziorik handiena gauzatzeko behar den tresna politiko bilakatu dira: Behar beste lege erreformatu dute; kutxak banku bailiran kudeatu dituzte; jabegoa akzio bihurtu dute, merkatuan saldu eta erostea posible izan dadin; higiezinen espekulazioko merkatuan hedatze politika ezin okerragoa egin dute; finantza-erakundeak erosi dituzte banku handi izan nahian; aktiboak eta ondarea saldu dituzte; Kutxabankeko milaka bezeroren kontratuak putre-funtsen esku utzi dituzte, prezio irrigarriaren truke; etxebizitzak desjabetzen dituzte; etekinak handitzeko baliabide ekonomikorik urrienak dituzten pertsonei komisioak ordainarazten dizkiete…

Ez dute argudio bat bera ere eman Euskal kutxen likidazioa euskal sare produktiboaren eta herritarren onerako dela azaltze aldera. Legea bete beharraren aitzakia ere ez da bat ere sendoa; hala frogatu dugu Kutxabank pribatizatzearen aurkako Plataforma osatzen dugun sindikatuok eta mugimendu sozialek. Berriro ere agerian geratu da, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kutxa banku-fundazio bihur ez dadin egin duen proposamenarekin.

Halaber, salatu egin behar dugu gaur administrazio kontseiluan hartuko den erabakia, Kutxaren pribatizatze prozesua atzera ezina egingo duena, CCOOen aldeko botoari esker aterako dela aurrera. Bere botoarekin CCOOek erabaki du Kutxaren izaera publiko eta soziala birrintzea, gure aurrezkia espekulatzaile eta akziodunen esku jarri eta harekin negozioa egin dezaten.

Kutxabank pribatizatzearen aurkako Plataformak eskatzen du Kutxa banku-fundazio bihurtzea galaraz dadila. Hain zuzen, benetako eztabaida soziala eskatzen dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak plazaratu duen proposamena positiboa dela uste dugu; proposamena aintzat hartu eta eztabaidatu beharrekoa da.

Denbora badago; borondate politikoa izatekotan, alternatibak ere badaude. Mobilizazioei eutsiko diegu lortu arte. Horretarako, honakoak proposatzen ditugu:

1. Euskal Aurrezki-Kutxen izaera publiko eta soziala bitarteko guztiak erabiliaz defenditzea; ez dago haiek likidatzeko eta pribatizatzeko arrazoi sozial, ekonomiko edo politikorik. Orain arte egindako pribatizazio bidean atzera egin behar da.
2. Kutxabanken jite publikoa azpimarratzea, Fundazioen esku dauden akzioak euskal erakundeei utziaz, eta kudeaketarako tresna partekatu bat sortzea, bezero nahiz langileok osatua.
3. Kutxabanken akzioak, gaurkoak zein kapitala zabaltzetik sor litezkeenak, ez daitezela Burtsara atera, eta bat ere ez diezaiotela kapital pribatuari saldu.
4. Kutxen-Kutxabanken ordezkaritza eta kudeaketa organoak aldatzea, kontrol publiko eta soziala gauza ahal dadin, gure sare produktibo eta sozialaren onerako.
5. Euskal finantza-sistema publiko bat garatzeko marko arauemaile propio bat adostea; finantza-sistema horretan leku garrantzitsua izango dute Euskal Kutxek-Kutxabankek. Geuri dagokigu erabakitzea gure aurrezkiarekin zer egin nahi dugun eta zer politika egin behar den gure bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko.
6. Harrapaketa hau esparru politiko eta profesionaletik antolatzen ari direnek dimisioa eman dezatela, eta itzul diezaietela euskal erakundeei nahi eta behar dugun banku publikoaren eredua erabakitzeko ahalmena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.