2024-07-22
HomeEkintza SindikalaEz diogu EAJri bere enplegu publikoaren legea inposatzen utziko

Ez diogu EAJri bere enplegu publikoaren legea inposatzen utziko

Bada gutxienez honezkero hirugarren legegintzaldia EAJk bere euskal enplegu publikoaren lege proposamena onartzen duela Gobernu Kontseiluan.

Icetak egin dituen aldaketa normatiboekin, EAJk enplegua egonkortzeko zeukan plan osoa, plan bakarra eta ez nahikoa (Kidego eta eskalen legea)  erabat indargabetuta geratu da. Euskal Enplegu Publikoaren Legearen iragarpena erabili nahi izan du honek suposatzen duen porrota estaltzeko.

Legegintzaldiz legegintzaldi aurkeztu izan diguten dokumentuak ez du aldaketarik pairatu, ez bada epaitegi ezberdinek zuzendutakoa jasotzen duelako, edota urteak pasa eman diren hainbat egokitzapen. Halaxe aitortu du gainera Jaurlaritzak sindikatuoi ez-bilerarako bidalitako oharrean: «Proiektu hori aurreko legegintzaldiaren amaieran Legebiltzarrean izapidetzen ari zenarekin bat dator, araudia egokitzearen ondoriozko aldaketa ez-funtsezkoren bat izan ezik». Hori da sindikatuok jaso dugun informazio guztia.

Jaurlaritzak argi uzten du, beraz, proiektu bera dela, eta ez duela sindikatuokin negoziatzeko inolako asmorik. Azken saiakeran eragile sozial guztiok gure kontrako jarrera adierazi genuen eta LABek aurkeztu zituen zuzenketako bat ere ez zuen onartu Gobernuak. Oraingoan arrabola erabilita proiektua inposatzeko asmoa garbia du. Hona hemen orduan egiten genuen irakurketaren eta gure proposamenen laburpena:

Euskal Enplegu Publikoaren Lege proposamena ez da gurea eta zeharo neoliberala da:

•          Negoziazio Kolektiboa aipamen hutsa da, eta negoziazioan baino, autoritarismoan oinarritzen da.

•          Gaurkotasun itzelak duen behin-behinekotasunaren arazoa taxuz konpontzeko ere ez du baliatzeko asmorik Jaurlaritzak.

•          Garapen Profesionalaren eta Zuzendaritza Profesionalaren proposamenek administrazio publikoak batzoki bezala funtzionatzen jarraitzeko asmoa islatzen dute: ardurako postuak eta promozioak arbitrarioak, eta bitartean oinarrizko zerbitzuak pribatizatuz negozioa handitu.

•          Administrazioa euskalduntzeko ausardiarik ez, ohiko propaganda hutsa.

•          Galdutako eskubideak berreskuratzeko eta blindatzeko, eta mutualitateak lan osasun publikotik baztertzeko aipamenik ez.

•          Subrogazio eskubidea ere ez da jasotzen.

•          Klausula feministak ere faltan botatzen ditugu.

Lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari ahoa «auzolana» bezalako leloekin betetzen zaienean, praxian autoritarismoa agertzen da; besteei kogobernantza eskatzen dien bitartean, bere langileei entzungor eta inposizioa; autogobernu gehiago aldarrikatzen duen bitartean, dagoeneko dituen eskumenak erabat garatzeko ausardiarik ez. 

LABek egindako ekarpenak negoziagarriak eta gauzagarriak dira, eta aliantzak ehuntzen jarraituko dugu inposizioak gaindituta benetako eta geurea den Enplegu Publikoaren Euskal Lege bat guztion artean, auzolanean, adosteko.

Horregatik, Olatz Garamendiri hurrengo eskaerak luzatu nahi dizkiegu:

•          Orain arte Gobernuek aurkeztu dituzten Enplegu Publikoaren Euskal Lege proiektu guztien inguruan sindikatuen aldetik ez dute inolako babesik jaso, ez dute inolako adostasunik lortu, bada garaia benetako negoziazioa eta behar dugun lege berria arlo sozialarekin negoziatzea.

•          Enplegu Publikoaren inguruan daukagun erronka inportantea behin-behinekotasunarekin bukatzea da. Ausardiaz jokatzea eskatzen diegu. Arazoari aurre egiteko behar diren tresna legalak eta lege propioak negoziatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.