2025-04-05
HomeEkintza SindikalaTubacex enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala...

Tubacex enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala onar ditzala kaleratutako langile guztiak #LortuDugu

LABek Tubacexeko langileak zoriondu nahi ditu, baita borrokan lagundu digun jende guztia ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Tubacexen kaleratzeen deuseztasuna deklaratzen duen epaia ezagutu ondoren. Eredugarria izan baita lorpen hau ekarri duen enpleguaren eta lan- eta bizi-baldintza duinen aldeko borroka.

Borroka hasi zenean, langileek bazekiten luzea eta gogorra izango zela. Gaur 146 egun bete ditugu greba mugagabean. 146 pikete egun, manifestazio egun, eskualdean eta eskualdetik kanpo martxak, Ertzaintzaren identifikazioak, salaketak, atxiloketak eta kolpeak, hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak epai honen bidez berretsi duena salatzeko. Ez dago egiturazko arrazoi objektiborik 129 lankide kaleratzeko, eta ez dago arrazoirik lan-baldintzak suntsitzeko.

Baina bizitakoa gogorra izan arren, Tubacexeko langileek arrazoi asko dituzte harro egoteko egindakoaz eta lortutakoaz. Gaur, beraz, ospakizun eguna da langile guztientzat, eskualde osoarentzat eta Euskal Herriko langileentzat.

LABetik enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala onar ditzala kaleratutako langile guztiak. Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia onartzeko eskatzen diogu, etorkizuneko edozein errekurtso bertan behera uzteko, gatazka hau ahalik eta ondoen itxi ahal izateko eta, mehatxurik gabe, guztion artean Covidaren aldi baterako egoera honen aurrean erabakiak hartzeko.

Sortu duen gatazka eta zentzugabekeriaren aurrean, Tubacex erantzukizunak argitzera behartuta dago, eta, horregatik, Tubacexeko Zuzendaritzaren eta Jesús Esmoris kontseilari ordezkariaren dimisioa eskatzen dugu. Gure ustez, pertsona horiek sinesgarritasuna galdu dute langileen aurrean, eta enpresaren kudeaketa negargarria egiten dutela erakutsi dute; beraz, ez dira solaskide baliodunak enpresa batzordearekin eta langileekin etorkizunean izango dituzten harremanetan.

Azkenik, zuzenean interpelatu nahi ditugu Eusko Jaurlaritza eta, zehazki, Industria Saila eta Lan Saila. Jendarteak arrazoia eman zigun aspaldi, eta orain auzitegiek eman digute arrazoia. Zer egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak? LABetik jarrera argia eta zalantza gabea eskatzen dugu: langileak lanera behin betiko bueltatzea bermatu behar du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez diezaiela laguntza publikorako zentimorik eman irabaziak murrizten eta, aldi berean, enplegua suntsitzen eta lan-baldintzak prekarizatzen aritzen diren enpresei.

Azkenik, enpleguaren eta lan- eta bizi-baldintza duinen defentsan oinarritutako industria-politika eskatzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.