2024-11-22
HomeUncategorizedJaurlaritzak Euskal Enplegu Publikoaren Legea deitutakoaren aurreproiektuaren aurkezpen bileraren LABen balorazioa

Jaurlaritzak Euskal Enplegu Publikoaren Legea deitutakoaren aurreproiektuaren aurkezpen bileraren LABen balorazioa

Euskal Enplegu Publikoaren Legea aurrera ateratzeko tramite hutsa gaur Lakuan

Gaur Lakuan Euskal Enplegu Publikoaren Legea deitutakoaren aurreproiektua aurkezteko bilera eduki dugu EAEko Mahai Orokorreko ordezkariok Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzarekin. Administrazioak azaldu duenez, hau da hirugarren legegintzaldia testua aurrera ateratzen saiatzen ari direla -Ibarretxe, Lopez eta Urkullurenak- eta ia aldaketarik eduki ez duen zirriborroa azkenean Gasteizko parlamentuak onartu beharko du.

Oso argi gelditu da Eusko Jaurlaritzak eta LABek “negoziazio” kontzeptua erabat ezberdin ulertzen dugula. Izan ere gure ustez negoziazio baten helburua beti akordio bat izan behar baita, eta Administrazioak ez du akordioren beharrik, baldin eta inposatzeko aukera badauka. Halaxe onartu du sailburuordeak hainbatetan, “ekarpenak egiteko” aukera eskaini baitu, ondoren eurek nahi dituztenak jasotzeko.

LABek garrantzi handiko lege hau bermeekin negoziatzen hasi baino lehen bi gai argitzeko eskatu du, aste honetan banatu dugun oharrean genion bezala: Ea benetan BERTAKO lege bat den egin nahi dena ala espainiar estatuak inposatutako EBEP delako legearen garapen hutsa izango den; eta legeak benetako negoziazioak gauzatzeko ateak irekitzeko aukera irekiko duen ala inposizioan oinarritzen jarraituko den.

Horrela ba eta espero bezala, erantzunak eta jokabidea bera ere erabat ezkorrak izan dira: egungo legedia ukatzea ez dela errealista batetik, eta akordioan oinarritutako negoziazioa ukatzen jarraitzen dute bestetik. LABek testu osoa atzera botatzea eskatu eta osoko zuzenketa egingo du.

Administrazioarentzat sindikatuok -administrazioak beraiek eta zerbitzu publikoak aurrera eramateko ezinbestekoak garen langileon ordezkariak- “ekarpenak egiteko” soilik gaude, bai legearen zirriborroan zein legea bera aurrera ateratzeko prozeduran ere. LABentzat hori ez da negoziazioa. Hurrengo asteetan irakurketa zehatzagoa kaleratuko dugu, eta zerbitzu publikoetako LABeko ordezkariekin gogoeta ariketa ere egingo dugu.

LABek Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Parlamentuko alderdiei zera exijitzen die: benetan bertako legea bermeekin negoziatu ahal izateko behar diren tresnak jartzeko, inposiziorik gabe, kanpoko injerentziarik gabe eta langileon parte-hartze errealarekin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.