Autonomo faltsuak, ziurgabetasuna, epaiketak, sententziak, Riderren legea… Sektorean mugimendu garrantzitsuak ematen ari diren eta emango diren garai hauetan, langileon antolakuntzaren beharra aldarrikatu nahi dugu. Aurreikusten dugu abuztuan kontratuak erregularizatuko direla eta ostean, kaleratzeak zein jardunaldien murrizketak eman ahal direla. Bakarrik antolakuntza eta borrokaz hobetuko ditugu gure lan baldintzak. Bada garaia gure egoera erregulatzeko, gure lan baldintza espezifikoak lan araudian barnebiltzeko. Urgentziazkoa da. Izan ere, bitartean egoera oso prekarioan jarraitzen dugu.
Borroka kolektiboaren ondorioz jada garaipen txikiak lortu ditugu gure soldatapeko langileen izaera frogatzen duten sententziekin. Sententzia hauek hainbat ondorio dituzte jadanik: autonomoen kuoten itzulpenak, lan izaeraren aitortza, berronartzeak… Sententzien erabakiak aplikatzeko beharrezkoa da hainbat mugimendu egitea eta horri erantzuten diote LAB sindikatutik sortutako eman beharreko pausuen azalpen bideoa edo Bizilan plataforman irekitako sarrera. Riders por Derechos Plataformatik eta LAB sindikatutik dei egiten dizuegu pausu hauek ematera. Adibidez, sail sindikaleko bi kidek 3.000 eta 7.000€ko autonomo kuoten itzulera jaso dute.
Hala ere, hau borrokaren hasiera baino ez da. Laster ireki beharko diren hegoaldeko lau herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenetan, eta azken boladan egin dugun bezala, hurrengo puntu nagusiak defendatuko ditugu:
- Riderrak hirugarren kategoria edo taldean txertatzea. Honek suposatuko luke, herrialdearen arabera, 18.700€ eta 21.500€ arteko urteko soldata, jornada osoan lan eginez gero, eta 1.723 eta 1.750 ordu arteko urteko lanaldia.
- Subrogazioa txertatzea
- Riderren lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzea langileon babesa handitzeko
LAB sindikatutik eta Riders por Derechos plataformatik baliabide guztiak jarriko ditugu langileon bizi baldintzak hobetzeko bidean. Azken hilabeteetan Euskal Herrian Riderren egoera erregularizatzeko bideari ekin diogu, eta horretan jarraituko dugu Euskal Herriko errealitateari egokituko diren hitzarmenak garatuz. Aipatu dugun bezala, urgentziazkoa da egoera lehen bai lehen erregularizatzea, bitartean egoera prekarioan lanean jarraitzen baitugu. Bide beretik, antolatzera eta sail sindikalak sortzera animatzen zaituztegu, historiak erakutsi baitigu borrokaren bitartez lortzen direla garaipen sozialak.