2024-08-25
HomeEkintza SindikalaMerkataritzako greban ozen aldarrikatu dugu: ez dugu onartuko azken saltzaileak, azken kutxazainak...

Merkataritzako greban ozen aldarrikatu dugu: ez dugu onartuko azken saltzaileak, azken kutxazainak eta azken apal-betetzaileak izatea

EAEko merkataritza sektorean egindako greba dela eta, hauxe da Bilbo, Gasteiz eta Donostian egindako mobilizazioetan publiko egin dugun adierazpena:

LAB eta ELA sindikatuok greba egin dugu merkataritzaren sektorean, greba egin dugu enpresa handien diru-gosearen aurka, eta greba egin dugu merkataritza-kate handien aurka; izan ere, gure lanagatik onura handiak lortzen dituzten arren, kaleratzeekin eta lan-prekarietatearekin ordaintzen digute. Ez, greba hau ez da autonomo txikien aurkako greba bat, ezta saltoki txikien aurkakoa ere, saltoki txikien biziraupenaren aldeko greba bat da, enpleguaren aldeko greba bat eta ehungintzaren sektoreko langileen aldeko greba bat; gehienak emakumeak. Greba feminista bat da.

Greba honek eta mobilizazio honek alarma gorria pizteko balio behar digute. Gertaera oso berriek ondorio horretara garamatzate.

Zeren… zer gertatzen ari zaigu azken aldian merkataritzaren sektorean? Gertatzen ari dena da Inditex, El Corte InglĂ©s, Douglas, H eta M bezalako enpresa handiek, besteak beste, milaka milioi euroko mozkinak poltsikoratzen dituzten bitartean, ondo esan dut, milaka milioi euroko mozkinak (3.800 milioi euro inditex kasuan/1.200 milioi euroko mozkinak H eta M enpresetan 2019an, besteak beste), denden itxierak dakartzaten neurriekin datozela, gu kale gorrian utziz, langabeziara kondenatuz, gure lan baldintzak kaskartuz eta gure kontziliazio eskubideak zapalduz.

Hori da guretzat diseinatu duten etorkizuna, eta koartada gisa On line salmentan bliatu dute, kasu askotan lan-karga handiagoa dakarkigun salmenta, hain zuzen ere. Eufemismoak erabiltzen dituzte, hala nola, eraldaketa digitala, baliabideen egokitzapena, eta terminologia horrek benetan esan nahi duena da lanik gabe uzten gaituztela eta urteetan zehar geureganatutako eskubideak erasotzen dituztela.

Eta tristeena da enplegu-suntsiketa hori CCOO eta UGTren konplizitatearekin egiten dela, izan ere, bi sindikatu horiek aurrean jartzen dizkieten enplegu-erregulazioko espediente guztiak sinatu dituzte. Erakunde horiek milaka enplegu suntsitzea onartzen dute, eta hori oso larria da. Gainera, negoziazio kolektiboa lapurtu nahi digute lan-erreformak erabiliz, horregatik, berriro ere erreforma horiek indargabetzea exijitzen dugu.

Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen diogu behingoz indargabetu ditzala erreformak, gure lan-baldintzak hemen erabakitzea nahi dugulako, gure hitzarmenak hemen negoziatu nahi ditugulako eta EREak hemen negoziatu nahi ditugulako, erantzun sindikal antolatu eta irmoa dagoen toki bakarrean, H eta Mko emakumeek protagonizatutako gatazkaren parekoak gertatzen diren leku bakarrean, eta egin behar denaren bidea modu argian erakusten diguna: enplegu-suntsiketaren aurka borrokatu, EREak ez direlako kudeatzen, EREei aurre egin behar zaie.

Eta LABek eta ELAk, erakunde gisa, betebeharrak ditugu. Hitzarmenen negoziazioa bultzatu behar dugu, mobilizazioa aktibatu. Eduki berriak sartu behar ditugu, enpresa horiek lortzen duten onuraren zati bat nahi dugu eta soldatetan islatu nahi dugu noski baietz, baina denbora ere islatu nahi dugu, hori baita enpleguak salbatzeko neurri bakarra. Aldarrikapenerako elementu nagusia hitzarmenetako gehieneko lanaldia murriztea da. Eta ez dugu hitz egiten 2 orduko murrizketa miserableez, ez, mozkin handiak dituzten enpresa horietan lanordu jaitsiera handiak egiteaz ari gara. Hori egin ezean, jende asko soberan dagoela esango digute, gu azken belaunaldia izatea lortuko dute, azken saltzaileak, azken kutxazainak eta azken apal-betetzaileak, eta hori ez dugu onartuko.

Amaitzeko, autonomoen eta saltoki txikietan lan egiten duten pertsonen enplegua salbatzeko aukera bat dela uste dugu. Merkatari txikiek aliatu izan behar dute merkataritzan lortu nahi duten monopolioaren aurkako borroka honetan, eta aliantzak ehuntzeko proposamena helarazi nahi diegu hemendik.

Online salmentaren inguruan sortzen diren kategoria eta funtzio berriak arautzea ere ezinbestekoa da, bestela sortzen den enplegu berria miseria eta prekarietate baldintzetan sortuko da eta ez dugu onartuko.

Digitalizazio-eredu sozialagoa eta inklusiboagoa eskatzen dugu. Baldintza hobeak eskatzen ditugu merkataritza-sektoreko langileentzako. Aldarrikapenerako aukera dago, eta horregatik eskatzen dugu gehieneko lanaldia murriztea, enplegu gehiago egon dadin, partzialitatearen hedapenaren aurrean lanaldi oso gehiago, gure osasuna babesteko lan-karga gutxiago eta nola ez, soldata duinak.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Laneko heriotzak prekarizazioaren eta erakundeek lan osasunean duten kontrol ezaren ondorio dira

Atzo B.L.S. 61 urteko langilea hil zen Ataunen, Lizarrustiko inguruetan, zuhaitz bat gainera erorita. Lehenik eta behin LAB sindikatutik elkartasuna eta babesa agertu nahi diegu hildakoaren senide eta gertukoei.2024ko 37. lan heriotza izan zen atzokoa. Eta nabarmentzekoa ere, azken 9 egunetan, basogintzako sektorean hiltzen den bigarren langilea dela, agerian uztiz sektoreko lan baldintzak gero eta okerragoak direla

Bereziki kezkagarritzat jotzen dugu gaur indarrean sartuko den Parekotasun Legeak kontziliazio-neurriak dituzten langileen kaleratzea erraztea

Gaur sartuko da indarrean Emakume eta gizonen ordezkaritza parekide eta presentzia orekatuaren Lege Organikoa, “Parekotasun Legea” deiturikoa.

Correosek Gipuzkoan dituen lantokietako egoera hondoa jotzen ari da udan, kontratazio faltagatik

Correosek Gipuzkoan duen langileak ez kontratatzeko politikak eragina du egungo plantillan, eta gehiegizko lan-karga jasanezinak izatera eramaten ari da. Enpresak apirilaren amaieratik ezagutzen du langile bakoitzaren oporraldia, baina bere lana egin ahal izateko behar adina langile ez kontratatzeko ideiarekin jarraitzen du, eta karteria gehienetan jakinarazpen administratiboen eta judizialen metaketa onartezina eragiten du, paketeria entregatzeko atzerapena, Posta Zerbitzu Unibertsalak ezarritako epeak ez betetzea, etab.