2025-03-31
HomeEkintza SozialaLangabeziak joera eten du eta abuztuan handitu egin da berriro

Langabeziak joera eten du eta abuztuan handitu egin da berriro

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako datuen arabera, erakunde horrek Hego Euskal Herrian dituen bulegoetan 215.390 langabetu erregistratu ziren. Horrez gain, honi gehitu beharko genizkioke lanik ez duten eta erregistratutako langabezia-kopuru ofizialean agertzen ez diren (maiz, datuotan azaldu ez izana justifikatzen duen arrazoirik adierazi gabe) 12.400 enplegu-eskatzaile.

Lau hilabeteko jaitsiera aldiaren ondoren, behin udarari lotutako aldi bateko kontratazioa amaituta, langabezia ohiko bilakaera berrartu du. Nafarroan bakarrik egin du behera langabeziak aurreko hilarekin alderatuz (545 langabetu gutxiago), aroari lotutako nekazaritza-kanpainak eraginda. Gainontzeko eskualdeetan langabeziak 1.795 pertsonetan egin du gora, aipatu gehikuntza zerbitzu sektorean eta industrian bilduz.

Dena dela, Gizarte Segurantzako afiliazio datuak are negatiboagoak izan dira. Zehaztearren, abuztuan lau herrialdeetan sistemari afiliatutako pertsonen kopuruak 7.338 pertsonetan egin du behera.

Hortaz, datu horiekin egiaztatu dugu, datu makroekonomiko batzuk adieraz dezaketen ekonomiaren susperraldi arina ez dela islatu lanpostuen sorrera garbian. Aitzitik, enpleguaren suntsipenak bere horretan dirau, nahiz eta behin-behineko eta aldi bateko kontratazioa hedatzen ari den. Horrek frogatzen du Espainiako gobernuak ezarri dituen ondoz ondoko lan erreformek porrot egin dutela.

Izan ere, abuztuan sinatu ziren kontratuen %95a baino gehiago aldi batekoak izan ziren. Halaber, bigarren hiruhilabetekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, iaz egun osoko 11.400 bat lanpostu suntsitu ziren eta aldi baterako okupazioa 7.300 pertsonetan handitu zen.

Bien bitartean, krisialdiaren iraunkortasuna eta langabezia-babesaren murrizpena estaldura-tasa murrizteari laguntzen dioten faktoreak dira. Gaur egun, langabetu-kopuruaren erdia baino gutxiagok jasotzen dute langabezia-laguntzaren bat, eta ordaindutakoaren araberako prestazioen batez besteko zenbatekoa %4,3an gutxitu da iazko urtearekin alderatuta.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza publikoa indartzeko baliabideetan inbertitzea ezinbestekoa da

Begoña Pedrosa Sailburuak martxoaren 28an emandako prentsa-agerraldiari LABen erantzuna.

LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du

Gaur, 2025eko martxoaren 28an, ia bi urte eta erdi luzatu den negoziaketa-prozesu baten ostean, LAB sindikatuak Kutxa Fundazioa eta Kutxagestion Zerbitzuak S.L.U.-ko lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du. Hitzarmen kolektibo honi esker, fundazio osoko 63 langileren lan-baldintzak modu esanguratsuan hobetuko dira.

LABek ez du behartutako kaleratzerik onartuko Ekide enpresan

Martxoaren 27an egin zen kontsulta epeko bigarren bilera enpresako zuzendaritzaren eta langileen ordezkaritzaren artean.