Zaintzarako euskal sistema publiko komunitarioa definitzeko jardunaldia egin dugu Donostian, Okendo kultur etxean, Programa Sozioekonomikoa osatzeko prozesuaren baitan, irailean egingo ditugun beste mahai inguru monografikoen abiapuntu gisa. Ipar Hegoa Fundazioarekin batera antolatu dugu gaurko ariketa.
Jardunaldia Ordizian egindako jardunaldi orokorraren eta Oreretan egindako “Zaintza lanak Euskal Herrian” jardunaldiaren jarraipena izan da, zehaztasunetan sakontzeko helburuarekin.
Bi atal izan ditu jardunaldiak; lehenean, Colectiva XXK elkarteko ordezkari Amaia Perez Orozco, Emagin-eko kide Miren Aranguren eta LAB-eko Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberria izan dira hizlariak; bigarrenean, talde ariketa eta plenarioa egin ditugu.
Eremu estrategikoa
Gure Programa Sozioekonomikoa berritu egin dugu, Euskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feminista helburu, lau oinarri hauen arabera: demokratizazioa, feminismoa, ekosozialismoa eta nazio garapena. Euskal esparru sozioekonomikoaren definizio orokorrarekin batera, sei eremu estrategikotan banatutako 120 neurri bildu ditugu Programaren baitan: lurra eta lurraldea; osasuna; ezagutza; industria; oinarrizko zerbitzuak; eta zaintza. Hain justu, azken hau izan da Okendoko jardunaldiaren ardatza.