2024-07-24
HomeEkintza SozialaHelduak eta PentsiodunakAurrejubilazioen ukapena: Barrabaskeria berriari erantzunez, erreklamazioak egin eta mobilizazioak sustatuko ditu LABek

Aurrejubilazioen ukapena: Barrabaskeria berriari erantzunez, erreklamazioak egin eta mobilizazioak sustatuko ditu LABek

Adin handiarekin kaleratuak izan eta prestazioak agortu ostean, hainbat langilek hitzarmen berezia egiten zuten, euren poltsikotik kotizatzen jarraitu eta 61 urterekin jubilatu ahal izateko. Gizarte Segurantzak berak, orain arteko irizpidea aldatu eta 63 urtera arte jubilatzea ukatzen die orain. Irizpide aldaketa honek ez die eragiten, momentuz, 2013ko apirilaren 1aren aurretik enplegu erregulazio espediente edo akordio berezien bidez kaleratutakoei baina, Gizarte Segurantzako arduradunen arduragabekeria ikusita, adi egon beharko dugu.

Irizpide aldaketa iraingarria da langileriarentzat oro har. Kaltetutako langileei emandako tratu txarra. Neurri hau, PSOEk hasitako (jubilazioa 67 urterekin, kotizazio urteen zabalpena, kalkulua egiteko urteen zabalpena, izozketa) eta PPk jarraitutako prozesuan (KPIarekiko lotura haustea, iraunkortasun aldagaia, aurrejubilazioei oztopo berriak) kokatzen da, pentsio sistema publikoa eraitsi eta pentsio plan pribatuak sustatzeko xedea duena. Ez dago inolako arrazoi teknikorik prozesu honen jatorrian, kapitalak inposatutako erabaki politikoa baizik: pentsioak eskubide ez baina negozio bilakatu nahi dituzte. Pentsio plan pribatuetan interes aitorrezinak dituzten UGT eta CCOO sindikatuek prozesu hau ahalbidetu dute, kasu batzuetan modu aktiboan (jubliazioa 67 urterekin, aurrejubilazioei oztopoak) eta bestetan besoak gurutzatuz (KPIrekiko lotura haustea, iraunkortasun aldagaia). Horregatik azaltzen dira horren lotsagabe PPren Gobernuko arduradunak, aipatzen ari garena bezalako neurri basatiak aplikatuz.

LABen iritziz, ezinbestekoa da barrabaskeria berri honen aurrean mobilizatzea eta, era berean, Euskal Herrian pentsio sistema propioa eraikitzeko prozesua azkartzea, herri honetako gizon-emakume orok pentsio duina izan dezan.

Sindikatuarekin harremanetan jartzeko deia egiten diegu kaltetutako langileei, dagokion helegitea jartzeko. Era berean, irailerako mobilizazioak prestatzen ari gara.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.

Osasun sistema publikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditugu

Langileen gehiengorik gabe Osasun Itunik ez dago.

Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epearen baitako azken bilera akordiorik gabe amaitu da Cementos Rezolan

Heidelberg Materials/Cementos Rezola enpresak ekainaren erdialdean 56 pertsonari eragiten zien EEE prozesua aurkeztu zuenetik gaur arte Kontsulta Epeari zegozkion negoziaketa aurrera eramaten aritu da Enpresa Batzordea, LABek eta ELAk osatua. Hasieratik garbi utzi izan dugun moduan, trantsizio ekosozialista baten bidean deskarbonizazio prozesuak beharrezkotzat jo izan ditugu. Hala ere, ez dugu bat egin enpresaren “deskarbonizazio” planteamenduarekin, ezinezkotzat ikusten baitugu horrelako gai mardul baten negoziaketak EEE prozesu batean eta 56 lanpostu suntsituta gauzatu ahal direnik.