2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaMobilizazioa egin dugu Gasteizen, Euskotreneko zuzendaritzaren hizkuntza politika salatzeko eta euskal hiztunon...

Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Euskotreneko zuzendaritzaren hizkuntza politika salatzeko eta euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko

Euskotreneko LABen sail sindikaletik atsekabez eta arduraz bizitzen ari gara Euskotreneko zuzendaritza azken urte hauetan euskararen inguruan egiten ari den kudeaketa. Gure hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru berezi honetan, sistematikoak izaten ari dira euskarak eta euskal hiztunok Euskotrenen bizi dugun subordinazio egoera bere horretan jarraitzeko hartzen ari diren erabakiak.

Honen adibide garbia da Tranbiako Aginte Postuko barne deialdiko oinarrietan, B2 euskara hizkuntz eskakizuna derrigorrezko izateko, Euskotreneko LABen sail sindikaletik egindako alegazioari zuzendaritzatik jasotako ezezkoa. Lanpostu honetako funtzioetako bat bezeroei arreta ematea izango dela kontuan izanik, Gasteizko tranbiako erabiltzaileen hizkuntz eskubideen urraketa gertatzeko ateak parez pare zabaltzen dira, Araban eta Gasteizen azken hamarkadetan izandako bilakaera soziolinguistikoari balazta bat balitz bezala eraginez.

Nabaria da, beraz, euskararen normalizazio prozesuan urratsak eman beharrean, Euskaraldiaren bigarren edizioa oharkabean pasatzen utzi duen zuzendaritzak, euskararen aurkako erabakiak normalizatzeko apustua egin duela. Egoera honen aurrean, Euskotreneko LAB sail sindikaletik bi aukera posible ikusten ditugu, eskubideak urratzen dituen euskalduntasun diglosiko eta iruzurti baten gidaritzapean jarraitu edo justizia sozial eta berdinatsunean oinarrituko dena aldarrikatu. LABek aspaldi egin zuen bere hautua, eta, bide horretan, Gasteizko Legebiltzar aurrean elkarretaratze bat egin dugu, zuzendaritzaren hizkuntz politika salatzeko eta euskal hiztunon eskubideak aldarrikatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.