2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakMerkataritzaDecathlonek jai egunetan irekitzeko duen asmoaren aurka mobilizatu dira sektoreko sindikatu guztiak

Decathlonek jai egunetan irekitzeko duen asmoaren aurka mobilizatu dira sektoreko sindikatu guztiak

Decathlonek igande eta jai egunetan irekitzeko hartu duen erabakiaren aurka giza kateak egin dituzte merkataritza sektoreko sindikatu guztiak (ELA, LAB, CCOO eta UGT) Bilbo, Gasteiz eta Donostian. Uztailaren 24 eta 25ean elkarretaratzeak deitu dituzte Bilbo, Gasteiz eta Donostiako Decathlon denden aurrean.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen irakurketa
IGANDE ETA JAI-EGUNETAN DECATHLON ITXITA!
Atsedena eta lana uztartzeko gure eskubidearen alde! Kontsumo iraunkor baten alde! Denda txikiz jositako hiri eta herri bizien alde!

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok kanpaina bati ekin diogu, Decathlonek igande eta jai-egunetan irekitzeko duen asmoaren aurka. Legeak igande eta jai-egunetan irekitzeko ematen dion aukeraz baliatuz kateak "0 irekiera" orain arteko egoerarekin haustea erabaki du, nahiz eta horretarako urratu behar euskal gizartearen, sindikatuen, kontsumitzaileen eta dendari txikien gehiengoaren nahia.

Ez da lehen aldia izan Decathlonek jai-egunetan irekitzeko asmoa iragarri duela; baina aurrekoetan atzera egin du azkenean, eta itxita geratu da. Oraingo honetan hautatutako eguna uztailaren 25a da, egun horretan hurrengo hirietako zentroak ireki nahi ditu: Bilbao, Donostia, Irun eta Gasteiz.

Decathlon bezalako saltegi handiak igande eta jai-egunetan irekitzeak ondorio ezin txarragoak dakartza, lan-ikuspegitik ez ezik, gizarte-ikuspegitik ere bai, gainera gezurrekin bidezkotzen dute:

1. EZ du areagotuko kontsumoa: egunez eta denda-motaz aldatzen da, besterik ez. Madrilen urteko 365 egunetan irekitzen dute, eta salmentak estatuko batez bestekotik behera erori ziren.
2. EZ du enplegurik sortuko: denda txikietako enplegua suntsitzearen trukean, enplegu prekarioa (lanaldi partzialean) sortzen du saltegi handietan. betiko dendetan probintzia-hitzarmenak aplikatzen dira; saltegi handietan, ordea, estatu-mailako saltegi handietako hitzarmena aplikatzen da, askoz baldintza txarragoak dituena.Enplegu hori, gehienbat, emakumeena da. Hau bezalako sektore feminizatuan, igande eta jai egunetan irekitzen bada ia ezinezkoa litzateke laneko bizitza familiarekin uztartzea edota asialdiaz disfrutazea.
3. Kontsumitzaileek EZ dute eskatu: Kontsumitzaileen bi elkarteak —EKA eta EKE— merkataritza-ordutegiak liberalizatzearen aurkakoak dira. Haiek diotenez, kontsumitzaileek duten ordutegia nahikoa zabala bada. Gainera, neurriaren ondorioek ez diete onura egiten, alderantziz. Alde batetik produktuen ugaritasuna urrituko litzateke, denda txiki asko itxitakoan saltegi handiek beti berdina eskaintzen dutelako. Bestetik hiriguneak hustuko lirateke, merkataritza urrunago egongo litzateke kontsumitzaileengandik, eta garraiobideak erabili beharko lirateke.

Mobilizazioak uztailaren 24 eta 25ean
Uztailak 24:
Elkarretaratzea, 18:00 – 19:00, irekitzeko asmoa duten Decathlon-en aurrean.

Uztailak 25:
Elkarretaratzea, 09:30etatik aurrera, irekitzeko asmoa duten Decathlon-en aurrean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.