Martxoan LABek Negoziazio Mahaia biltzeko eginiko eskariaren harira, ostegun honetan, hilaren 17an, EUDELek UDALHITZ hitzarmena berritzeko Toki-administrazioaren Negoziazio Mahaira deitu ditu sindikatuak. LABek hiru ardatz lehenesten ditu: lan-sariak, enplegua eta zerbitzu publikoen eredu berria eraikitzeko neurriak hartzea.
Negoziazio Kolektiboan LAB sindikatuak hiru ardatz nagusi lehenesten ditu, langileon lan-baldintzak hobetzeko beste neurriei garrantzia kendu gabe, jakina. Gai hauei heltzeko eta ondorioz negoziatzeko eta adosteko borondatea egon beharko litzateke EUDELen aldetik, akordioa erdiestea nahi izango badugu. Hauexek dira, bada, hiru ardatzok:
-Lan-sarien inguruko akordioa: hitzarmenaren indarraldirako soldata igoerak adostea, 2012ko abenduko paga ordaintzea eta azken urteotan langileok galdutako eros- ahalmena berreskuratzeko akordioa.
-Enplegua: azken urteotan enpleguaren suntsiketa eragin duten neurriak atzera botatzea (ordezkapenak mugatzea, jubilatzen diren pertsonen lanpostuen amortizazioak, lanaldiaren luzapenak…) eta enplegu berria sortzeko neurriak martxan jartzea, beharrezkoak diren EPEak eginez.
-Herritarren onurarako zerbitzu publikoen eredu berria eraikitzeko neurriak. Alde batetik, kudeaketa publiko eta gardenaren bermea –pribatizazioak geldituz eta errebertsio planak sustatuz– eta, bestetik, ezinbesteko neurriak diren hauek: zerbitzuak euskalduntzeko eta genero berdintasuna bermatzeko planak, eta zerbitzu publikoen definizio eta garapenean langileen iritzia kontuan hartzeko eta langileen parte hartzea bermatzeko neurriak, besteak beste.
Aurrekoaz gain, funtsezkoa da balizko akordioak betetzeko instituzioen konpromiso irmoa, alegia, bertako negoziazio esparrua aintzat hartuta euskal langile eta instituzioen artean erdietsitako akordioak defendatzea, bidean egon litezkeen oztopo eta eragozpenak –Estatuko neurri legalak edota murrizketak– modu adostuan gaindituz. Alde biek printzipio honekiko atxikimendua adieraztea ezinbestekoa jotzen dugu LABetik.