2024-11-22
HomeEkintza SindikalaElectroaceros enpresako grebalariek Nafarroako Gobernuari eskatu diote esku har dezala 37 lanpostuak...

Electroaceros enpresako grebalariek Nafarroako Gobernuari eskatu diote esku har dezala 37 lanpostuak babesteko

Electroaceros-eko Enpresa Batzordea, LABeko bi ordezkarik eta ELAko ordezkari batek osatua, gaur bildu da Iruñean Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendariarekin, langileek soldata ez kobratzearen eta enpresaren etorkizun ilunaren aurrean duten kezkaren berri emateko eta, ahal den neurrian, egoera hori lehenbailehen konpontzeko esku har dezan eskatzeko.

Enpresa Batzordeak, ia langile guztiek astebete greba mugagabean egon ondoren, Nafarroako Gobernuari eskatu dio egoera horretan esku har dezan, uste baitu ezin dela onartu hainbat hamarkadatan aberastu den Nafarroako enpresa batek 37 lanpostu suntsitzea, eta 50 urtetik gorako langileak egoera larrian uztea.

Electroaceros enpresa Astibia familia ezagunekoa da, azken urteotako kudeaketa negargarriaren zuzeneko arduraduna izan den familia. Enpresa Batzordeak behin eta berriz eskatu die jabeei bideragarritasun-plan bat egin dezatela enpresan dauden lanpostuak ziurtatzeko; baina beti erantzun izan diote plantillari egindako erasoen ondorioz, langileen lan-baldintzak nabarmen okertu nahi zituztenak. Gaur egungo egoerara iritsi arte, soldatak behin eta berriz atzeratzea, azken hilabetea ez ordaintzea eta enpresaren etorkizun ilunaren aurrean ziurgabetasuna izatea.

Bien bitartean, jabeek irabaziak izaten jarraitu dute, beren jabetzak bermatzen, bai ondasunen autoalokairuen bidez, bai urteko 80.000 eurotik gorako soldata estratosferikoen bidez, bai sozietate kooperatibo bat eratzetik sozietate mugatu batera pasatuz.

Puntu honetara iritsita, Enpresa Batzordeak Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendariarekin bilera egitea erabaki du, lantegiaren egoeraz duen kezka bertatik bertara azaltzeko eta esku har dezan eskatzeko, alde batetik, 37 lanpostu suntsitzeko mehatxua dela-eta, eta, bertzetik, kalteturiko langile askori, duten adinagatik, lan-merkatua itxi eta gizarte bazterketaren atarian jartzen direlako. Batzordeak positiboki baloratu du Lan zuzendariaren harmena, eta espero du jarrera on horrekin batera langileak babestuko dituzten neurriak hartzea.

Mobilizazioekin jarraituz, ekainaren 1ean abiatutako greba mugagabearekin jarraituko dute Electroaceros-eko langileek, eta kontzentrazioak eginen dituzte ekainaren 9, 10 eta 11n, 11:30ean, Agustindarren industrialdeko Soto de Ainzoain kalean, eta auto-karabana bat ekainaren 19an.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.