2024-07-22
HomeEkintza Sindikala"Salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi baldintza duinen alde...

“Salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko”

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren alde greba egitea eta lan eta bizi baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten hiru langile epaitu dituzte Bilbon, eta sindikatuok elkarretaratzera deitu dugu epaitegien aurrean, langileen eskubideak defendatzea inoiz ez dela delitua aldarrikatzeko. LABeko Industria Federazioko kide Iratxe Azkuek hartu du hitza, bertan.

Bizkaiko metalean 10 greba egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun 7 langile daude inputatuak, guztira 15 langile inputatu dituzte, baina horietako 8 absolbitu egin dituzte. Honetaz gain, hainbat isun eta zigor ekonomiko jarri dira, kasu batzuetan Mozal Legea aplikatu delako.

Sindikatuok mobilizazioa egin dugu, “Langileen eskubideak defendatzea ez da inoiz izango delitua” lemarekin eta salatu dugu akusazio horien guztien atzean dagoena (kasu batzuetan espetxeratzeko eskaerak barne): grebarako eskubidea kriminalizatu nahi da, lan eta bizi-baldintza duinak babesteko borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari aipua kendu nahi diote.

Argi eta garbi aditzera eman dugu kriminalizatzeko saiakera hori erabaki politiko baten ondorioa dela. Erabaki hori instituzioen eskutik etorri da, bereziki, Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzatik. Izan ere, gatazkan zehar patronalaren alde jarri zen zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten. Greba egun baten ondoren, Bilbon egin zen manifestazio baten ostean, greba deitu genuen sindikatuok indarkeriaren erabilera neurrigabe hori salatu genuen prentsa-ohar baten bidez. Orduan Eusko Jaurlaritzari eta FVEMri ohartarazi genien poliziaren bidea eta bide judiziala ez zirela erabili behar. Hala ere, gaur, 7 inputatu ditugu.

Halaber, adierazi dugu ez ditugula ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekaritatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten, oraintxe aipatu duguna bezalako eskubide urraketak gauzatu badituzte ere. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako.

Bizkaiko metala ez da salbuespen bat, ordea. Azken hilabeteotan ere langile borrokalarien aurka poliziak izandako jarrera salagarria Jaurlaritzak berrikusi beharra dauka; besteak beste, ITP-PCB aurrean langileok jasandako erasoa. Borroka hortatik, hain zuzen, langile bat deitu dute deklaratzera ekainean. Berriro ere langile borrokalariak zigortu nahi dituzte. Parlamentuaren aurrean eta enpresa aurretik iritsi zaizkigun Tubacexeko langileekiko oldarraldia; borroka hortatik 3 langilek deklaratu dute epaitegietan jada eta beste bi herritar deitu dituzte ekainerako.

Langileen eskubideak defendatzea ez da sekula delitu izango. Hori dela eta, salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.