2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Langile guztioi dagokigu pentsio publiko duinen alde borrokatzea"

Garbiñe Aranburu: “Langile guztioi dagokigu pentsio publiko duinen alde borrokatzea”

Euskal gehiengo sindikaletik pentsio publikoen defentsan mobilizatu gara Bilbon eta Iruñean, Espainiako Gobernuaren delegaritzen aurrean. LABeko idazkari nagusiak hartu du hitza Bizkaiko hiriburuko elkarretaratzean, eta larunbaterako pentsiodunen mugimenduak deitutako mobilizazioekin bat egiten dugula jakinarazi du.

Garbiñe Aranburuk gogorazi bezala, Madrilgo Gobernuak pentsioen erreforma berriari ateak ireki dizkio. Neurri horietako batzuk erretiro aurreratua zigortzea, erretiro-adina luzatzea, pentsio-plan pribatuak zabaltzea edo pentsioak kalkulatzeko kotizazio-urteak handitzea dira. “Neurri horiek guztiak pentsioen sistema publikoaren aurkako beste eraso bat dira”, adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “ez da gutxieneko pentsiorik ezartzen, eta ezin dugu ahaztu emakume pentsiodunek pairatzen duten diskriminazioa zuzentzeko neurririk ere ez dagoela; zaintza-lanak egin dituzten emakumeei, sektore feminizatu eta prekarizatuetan lan egin dutenei eta misieriazko pentsioak jasotzen dituztenei begira”.

Garbiñe Aranburuk hitza hartu du Bilboko elkarretaratzean.

Pentsiodunen mugimendua pentsio duinen alde borroka eredugarria egiten ari dela nabarmendu du, eta adierazi du gai izaten ari direla asteroko mobilizazio-dinamikari eusteko, konfinamenduan bakarrik gelditu dena. “Langile guztioi dagokigu pentsio publiko duinen alde borrokatzea. Horregatik, sindikatuok eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek eta beste sindikatuek bat egin dugu larunbateko mobilizazioekin”.

Iruñeko mobilizazioa.

Euskal Herrian argi eta garbi agertu dugu 2011ko eta 2013ko erreformen eta bi lan-erreformen aurka gaudela. Pentsioen gaia ere aldarrikapen nagusien artean egon zen, azken greban. “Koronabirusak erabat aldatu ditu gure bizitzak, baina aldaketen alde borrokatzen jarraitzen dugu. Zentzu horretan, larunbatekoa mobilizazio egun garrantzitsua izatea nahi dugu. Eta kalean jarraituko dugu, greba eta mobilizazio berriak etorriko dira, pentsiodunekin batera pentsio publiko duinak borrokatzen jarraitzeko, lan duin baten alde edo kalitatezko zerbitzu publikoen eta zaintza-sistema publiko baten alde”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.