2024-11-22
HomeErrepresioaTelle eta Urtzi grebalariak aske nahi ditugu! Espetxeratzerik ez!

Telle eta Urtzi grebalariak aske nahi ditugu! Espetxeratzerik ez!

«2013an Aitor Fernandez, Jon Telletxea, Irantzu Yaldabere eta Urtzi Martinez grebalari gazteak epaitu zituzten, 2012ko martxoaren 29ko Greba Orokorraren egunean Bilbon gertatutako istilu batzuetan parte hartu izana leporaturik. Haien kontrako akusazioak oso larriak izateaz gain (autoritatearen agenteen kontrako atentatua, lesioak, kalteak…), poliziak gertakarien inguruan emandako bertsioan soilik oinarritzen ziren. Horregatik, hasiera-hasieratik salatu genuen muntaia handi baten aurrean geundela. Gainera, fiskalak zigor eskaera izugarria egin zuen: 42 urtetik gorako espetxe zigorra Aitor, Telle eta Urtzirentzat (14 urte inguru bakoitzarentzat) eta 18 hilabeteko lan soziala Irantzurentzat. Azkenean, Aitor eta Irantzu absolbitu egin dituzte, baina Telleri eta Urtziri bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diete, desordena publikoengatik. Epaia oso epe laburrean betearaziko da, Telle eta Urtzi espetxeratuz.

Horren aurrean, Grebalariak Aske! plataformak honakoa adierazi nahi du:

Aitor, Irantzu, Jon eta Urtzi beren auzoetako jendarte mugimenduan lan handia egiten duten gazteak dira, eta Deustuko Greba Asanbladako kideak. Inolako zalantzarik gabe, horrexegatik erabili dituzte turko-buru gisa.

Agerikoa da ez dituztela ustezko “desordena” batzuk zigortu, baizik eta beste eredu sozioekonomiko baten aldeko borroka eta konpromisoa. Herri sektore anitzen eta langileriaren borrokak aurrera egiten duen heinean, errepresioak ere gora egiten du.

Oso argi daukagu kolpe errepresibo honek, beste askok bezala, bi helburu nabari dituela: borroka sozialen kriminalizazioa eta desaktibazioa. Sistema kapitalistak langileen eta herri sektoreen lan eta bizi baldintzak etengabe kaskartzen dituen bitartean, disidentzia oro edo men egiten ez duen jendea zigortzen du, eskura dituen bitarteko guztiak erabiliz (polizia eta “justizia” sistema barne), munduko beste hainbat tokitan ere ikusten ari garen bezala.

Bidegabekeria ikaragarria da ustezko “desordena publiko” batzuengatik bi gazteri beren bizitzako bi urte eta erdi kartzelako lau hormen artean ematera behartzea. Inola ere onartu ezin daitekeen neurri injustua, krudela eta gizagabea da. Gainera, prozesu honek bi urte luze iraun du, eta hori, berez, zigor erantsia izan da auzipetuentzat eta ingurukoentzat.

Telleren eta Urtziren kontrako epaia sistema kriminal honen beste adibide bat da. Ez da lehenengoa izan eta ez du ematen azkenengoa izango denik, baina guk lanean eta borrokan jarraituko dugu, sistema hau irauli nahi dugulako eta ahal dugulako. Beraz, bidegabekeria hau salatzeko, horrelakorik berriro gerta ez dadin lan egiteko eta beste eredu sozioekonomiko baten alde borrokatzeko deialdia egin nahi diogu euskal jendarteari.

Bukatzeko, gure besarkadarik beroena eta elkartasun osoa Telle eta Urtzirentzat eta haien senide eta lagunentzat. Ez zarete bakarrik egon, ez zaudete bakarrik eta ez zarete bakarrik egongo. Biba zuek!

2014ko ekaina
Grebalariak aske! Herri plataforma»
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.