2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaZahar-egoitzetako arretaren gabeziak salatu ditu LABek Bizkaiko Aldundiaren aurrean

Zahar-egoitzetako arretaren gabeziak salatu ditu LABek Bizkaiko Aldundiaren aurrean

«1+Publikoa» kanpainaren baitan, LAB sindikatuak EAE zein Nafarroako zahar-egoitzetako adineko pertsonei ematen zaien arretaren kalitatea ez dela behar bezalako salatu zuen atzo Bizkaiko Aldundiaren aurrean. Zahar-egoitzetan egun ematen den errealitatearen parodia bat antzeztu zuten sindikatuko hainbat kidek.

LABen irakurketa
RATIOAK HOBETU, ZAHAR-EGOITZETAKO BIZITZA-KALITATEA ETA LAN BALDINTZAK HOBETZEKO

1. Salatu nahi dugu EAE zein Nafarroako zahar-egoitzetako adineko pertsonei ematen zaien arretaren kalitatea ez dela behar bezalakoa, pertsona hauen beharrak eta eskubideak kontuan hartzen ez direlako. Eta hori behar beste langilerik ez dagoelako gertatzen da.

2. Aldarrikatu neurriak egoera hau aldatzeko:
• 35 lan ordu zahar-egoitza guztietan.
• Egoiliarrei duintasunez atenditzeko langileen dedikazio denbora handitu
• Langile gehiago zahar etxeetan. Horretarako ratioa edo talde profesionalen dekretuak eta irizpideak aldatu: 0,65a gutxienez. Eta mendekotasun handia dutenen kasuan 1 ratioa. Hau da, 100 lagun atenditu ahal izateko gutxienez 65 langile egon beharko liratezke eta mendekotasun handia duten pertsona bakoitzeko langile bat.

Zein da gaurko egoera?
Gaur egungo jendartea gero eta nagusiagoa da eta hurrengo urtetan gero eta nagusiagoa izango da. Egoitzak, beste hainbat zerbitzuen antzera, guztiz beharrezkoak dira. Hauetan zerbitzu gehiago eman eta diru gehiago inbertitu beharrean, eskaintza eta aurrekontuak izoztuak daude. 
Orokorrean, askotan azaldu dugu zein egoeratan dagoen zahar-etxeen sektorea: enpresa pribatu gehiegi, sare publikoaren ahultasuna, lan baldintza txarrak, herrialde eta zentroen arteko ezberdintasunak, pertsonen zailtasunak zahar-etxeak ordaintzeko,…
Dudarik gabe, gauza hauek guztiak aldatu behar dira atentzioaren kalitatea hobetzeko. Baina bada, gure ustez, gai bat ezinbesteko garrantzia duena, eta gaurko instituzioek nahita ahazten dutena: langileak. Eta hauxe da gure galdera: egun, zahar etxeetan dauden langileekin, bermatzen al dira kalitateko zerbitzuak, adineko pertsonen eskubideak eta beharrak asetzeko modukoak? LABek ezetz dio.

Kalitatea al da, gauero, soilik, bi langile egotea, 5 solairuetan sakabanatuak dauden 167 erabiltzaile atenditzeko?

Kalitatea al da langile soil batek 32 arropa aldaketa eta gorputz garbitasuna egitea, behin eta berriz, produkzio kateetan bezala?

Kalitatea al da jendea dutxatzeko ilaretan jarri behar izatea?

Kalitatea al da, jaki solidoak jan ahal izateko aukera izanda ere, bizitzako azken urteetan purea soilik jan beharra?

Kalitatea al da zentrotik ateratzeko aukerarik ez izatea ?

Kalitatea al da, etxebizitza berritzat duzun horretan, hitzik ez izatea?

Kalitatea al da arratsaldeko 7:30etatik goizeko 9etara ohean egotea?

Kalitatea al da denborarik ez izatea galdetzeko ze arropa jantzi nahi duzun? 

Bistan da ezetz. Toki askotan ez dira betetzen gutxieneko kalitatezko irizpideak. Egun, Euskal Herriko zahar-etxeetan aritzen diren 13.000 langile ez dira nahikoak euren eginbeharrak duintasunez betetzeko. Eta Arartekoak salatu zuen bezala, gure zahar-etxeetan hainbat praktika txarrek bere horretan diraute: zaharrak umetzat hartzen dituzte, ez da intimitatea gordetzen, jendearen iritzia, hautuak eta behar pertsonalak ez dira kontuan hartzen,gehiegitan objetuak bezala tratatuak izaten dira… Azken finean, gure zaharren duintasuna zokoratu dute.

Baina, bestalde, Instituzioek bestelako irudia saldu nahi digute. Haien aldetik, propaganda mezuak entzuten ditugu aldiro. Haien asmoetan, zahar-etxeetan pertsonen autonomia, duintasuna eta bizitza kalitatea bultzatzen da. Are gehiago, pertsonengan zentratutako eredu bat zabaldu nahi dute. Baina errealitatea bestelakoa da, aurreko adibideak erakutsi bezala, gaurko giza-baliabide eta antolaketarekin ezinezkoa da.
Zer dago honen atzean? Zergatik dago kolokan atentzioaren kalitatea? Zergatik da desegokia gure zahar-etxeetan ematen den tratua?

Bada elementu zentral bat: ratioa, hau da, zahar etxe-batean egon beharko lukeen langileen kopurua. Erabat salagarria da. Egun, EAEn zein Nafarroan, talde profesionalen dekretuak aspaldikoak dira, duela 16 urte EAEn, eta duela 23 urte Nafarroan. Eta instituzioek erabiltzen dituzten irizpideak langileen kopuruaren inguruan, eskasak eta onartezinak dira: 100 pertsona atenditzeko, bataz beste 55 langile baino ez daude. Urrun, oso urrun, Europako beste herrialdeekin konparatuta, non toki askotan 100 pertsonentzako 100 langile dauden. Eta hau are salagarriagoa da, urte hauetan guztietan gauzak asko aldatu direlako: gizarte zerbitzuen legeak, dependentziaren legea, jendearen eskubideak autonomia pertsonalari dagokionez, dependentzia egoera berriak, bereziki, dependentzia handiak dituztenen kopuruaren hazkundea, … 

Zer eskatzen du LABek?
Beraz, LABek, egoera hau iraultzeko, kanpaina bat abiaraziko du hurrengo hilabeteotan, bai zahar-etxeetan, bai kalean: “1 + publikoa”. Kanpaina horrekin, zahar-etxeen barruan gertatzen ari diren gabeziak agerian utzi nahi ditugu. Eta jendarte bezala, esan nahi dugu atentzioa duintasunez eman ahal izateko, langile gehiagoren beharra daukagula. Hori da pertsona helduei zor dieguna. Horregatik, Instituzioei eskatuko diegu hainbat aldarrikapen:

– Baldintza eta lanaldi berbera zahar etxe guztietan: 35 ordu
– Igo egin behar da pertsona bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora.
– Zahar-etxeetan langile gehiago eta lan-eskakizun ezberdinekin, kontratatu behar dira zerbitzu guztiak kalitatez eta duintasunez eman ahal izateko.
– Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ratio dekretuak eta egun erabiltzen dituzten irizpideak bertan behera utzi eta berriak ezarri, zahar-etxeetan egon behar diren gutxieneko langile-kopurua handitzeko. Besteak beste, menpeko handien kasuan, ratioa 1ekoa izan beharko litzateke, Europako beste tokietan bezalaxe.

Neurri hauek aplikatuz gero, ondoko lanpostuak sortuko lirateke zahar-etxeetan:

• 35 orduko lanaldiarekin, 440 lanpostu.
• Dedikazio denbora areagotuz, eta zerbitzu guztiak intentsitate egokiagoz eman ahal izateko, ratio totala 0,65era igo beharko da eta mendekotasun handia dutenen kasuan 1era. Hau da, 100 lagun atenditu ahal izateko gutxienez 65 langile egon beharko liratezke eta mendekotasun handia duten pertsona bakoitzeko langile bat. Horrela 2300 sortuko ziren.
Hauexek dira gure herriak behar dituen neurri zehatzak, bai enplegua sortzeko, bai gure zahar-etxeetan atentzioa eta tratu ona bermatzeko.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.