LABek atzo egin zen Arabako Metalgintzako mahai negoziatzailean SEA patronalak hartutako jarrera oztopatzailea eta negoziaziorako erakutsi duen borondate eskasa salatu du. Patronalak ez du ezta batzorde negoziatzailearen izaera aitortu nahi izan. LABek bere proposamena defendatzen jarraituko duela adierazi du, Arabako Metalgintzako langileen eskubideak defensatzeko tresna baliogarria baita.
«Guru ustez, gaurkoan agerian gelditu da SEAren negoziatzeko borondate eskasa, ez baitu aitortzen ezta batzorde negoziatzailearen izaera ere. Urtebete baino gehiago eduki du bere planteamenduak finkatzeko eta mahaian aurkezteko, baina horren ordez, jarrera oztopatzaile horrekin etorri dira. Bitxia da atzo bertan LABi hitzarmenak ez egotea leporatzen ziotenek, gaur negoziatu behar denean inolako borondaterik ez erakustea eta oztopo sasijuridikoak jartzea.
Gogoratu behar dugu SEAk iazko uztailaren 5ean negoziazioak bukatutzat eman zituela eta orain mahai negoziatzaile berria osatu nahi duela, argitu gabe zer gertatuko zen aurreko urteekin. LABek ez du planteamendu hori onartzen, hau da, negoziazioak nahi duenean apurtu eta berriro nahi duenean zerotik hasi. Guk ez dugu oztopo juridikorik ikusten baldin eta negoziatzeko borondatea badago eta pasa diren urteak kontuan hartzen badira.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari dei zuzena egiten diogu inplikatzeko. Ez da onargarria patronalaren, eta zehazkiago SEAren jarrera honen aurrean, ezkutatzea eta entzungor egitea. Eusko Jaurlaritzak patronalen jarrera babesteari utzi behar dio eta gure negoziazio kolektiboa aktiboki defendatu behar du.
Guk gure proposamena defendatu dugu berriro ere, uste baitugu gauzagarria dela, alde guztientzat onargarria dela eta Arabako metaleko langileon eskubideak defendatzeko baliogarria dela. Horixe jarraituko dugu defendatzen enpresetan, kalean baita negoziazio mahaian, hilaren 27ko bileran, ere. Orain SEAk argitu behar du zein den bere jarrera, ea adostasunean oinarritutako hitzarmena nahi duen edo inposaketaren eskeman jarraitzen duen, jarrera oztopatzaile zahar-berriarekin.»