2024-11-22
HomeUncategorizedHelduen hezkuntzan aplikatu dituzten murrizketen ondorioz lanpostu galerak izango dira datorren ikasturtean

Helduen hezkuntzan aplikatu dituzten murrizketen ondorioz lanpostu galerak izango dira datorren ikasturtean

Hezkuntza Sailak maiatzan argitaratu zuen ebazpen baten bidez, Helduen Hezkuntzan orain arte taldeak osatzeko erabili diren irizpideak aldatu ditu, zentro hauen klaustroen iritzia kontutan izan gabe; irizpide berri hauek lanpostu galera ekarriko dute, eta ez makala.

Hezkuntza Sailak ezarri dituen irizpide berrien artean badago bitxikeria bat: gutxieneko ikasleen ratioa, oinarrizko derrigorrezko hezkuntzan. Orain arte, irizpide hau derrigorrezkoa ez den hezkuntza mailatan bakar-bakarrik aplikatu izan da, eta gure zalantza hauxe da: nola ulertu daitekeen derrigorrezko hezkuntzan gutxieneko ikasle kopurua eskatzea. Honen arabera, gutxieneko taldea osatzera heltzen ez bada, zer egingo du Hezkuntza Sailak, oinarrizko hezkuntza eskubideari uko egin?

Ez dakigu zeintzuk izan diren Sailak erabiltzen dituen parametroak ratio bitxi hau definitzeko, Europako hainbat herrietan erabiltzen den tokiz tokiko biztanleriarekiko proportzioa ez dute kontutan izan, behintzat. Ratio berdintsua ezartzen da, herri txikietan, zein hiriguneetan. Hau herriekiko izugarrizko diskriminazioa da, eta zerbitzu honen desagerpena ekar dezake hainbat herritan. Kontutan izaten badugu zerbitzu publiko hau dela, herri askotan dagoen aukera bakarra, are larriagoa da.

25 urtetik gorakoentzat unibertsitatera sartzeko froga prestatzeko moduloak hezkuntza araututik kanporatu ditu Sailak eta arautu gabeko hezkuntzara pasatu. Zergatik? Ba, irizpide pedagogikoak asmatuko balituzkete ere, lanpostuekiko harremana estua dela susmatzen dugu: lanpostu zerrenda egiteko orduan, hezkuntza arautua soilik izaten dute kontutan, eta lanpostu zerrenda horren arabera arautu gabeko eskaintza prestatzen da.

Murrizketa honek euskara zein gaztelera ikasteko lagun askoren eskubidea bertan behera uzten du, euskaldundu nahi duten guraso, merkatari… edota gaztetan ikasteko aukera edo gogorik izan ez zutenek edota krisiarekin langabezian geratu direnei bere bizitzari beste irtenbide bat emateko aukera ukatuz.

Murrizketa honek beste batzuekin bat egiten du. Hezkuntza Sail honek berak propio egiten dituen murrizketa batzuk baditu: berritzeguneetako ordezkapenak sei hilabete baino laburragoak baldin badira ez ditu betetzen, salbuespen bakarra Hezkuntza premia berezien arloa izanda. Eta lehengo sailarenak aplikatzen jarraitzen du. LABetik gai honen jarraipena egiteko asmoa dugu, Hezkuntza sailari eskatu diogu bilera bat, eta bertan, beste gai batzuen artean, ebazpen hau bertan behera uzteko premia plazaratuko diogu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.