Osakidetzak aldebakarreko erabakiz hainbat murrizketa egin du langileon eta jendartearen aurka. Oinarrizko-legeak bete beharra aipatu izan du neurriok hartzeko aitzakia gisa, baina badaki beste administrazio batzutan alternatibak aztertu izan direla murriztu behar ez izateko. Osakidetzan, aldiz, horretarako borondate eza dugu arazoa, eta inposizioz jokatzeko jarrera, behin eta berriz agerian geratzen dena. 3.000tik gora lanpostu kendu dituzte; lan-kargak handitu egin dira horrela, eta arretaren kalitateak nabarmen okerrera egin du; langileen ahaleginarengatik ez balitz, ez litzateke mantenduko beharrizanak asetzeko nolabaiteko maila.
Murrizpenak eta negoziaziorik eza nagusi direlarik, Osakidetzak apirilaren 29ko Mahai Sektorialean sindikatuei iragarri zien 2011ko garapen profesionaleko deialdia eten egingo duela, eta ez duela “kanoso” bat ere itzuliko, epaile baten ebazpenak hala agindu arren. Idatzi hau sinatzen dugun sindikatuok Garapen Profesionalari buruz iritzi desberdina dugu, baina ezin dugu onartu langile batzuk besteekiko diskriminatzea, ezta beste eskubide laboralik ohostea ere.
“Kanoso”ak kenduta, pertsona batzuren lanaldia urtean 100 orduz luzatuko da. Orain arte arazoa zen oinarrizko legearen inposizioak ez zuela beste aukerarik ematen, ezinezkoa zela murrizpen horiek inola ere arintzea. Ertzaintzari buruzko epaiak erakusten du irakurketarik legalistena eginda ere tartea badagoela. Eusko Jaurlaritzak honekiko agertzen duen borondate eza lotsagarria da.Osakidetzako langileek nahikoa ahalegin egin dute honez gero; murrizpen berriok umiliazio bat dira, eta ez dugu utziko gauza daitezen. Erantzun gogorra eman behar dugu; bestela, Osakidetza orain hausnartzen ari den beste murrizpen batzuk etorriko dira.
Horregatik, mobilizazio berriak deitzen ditugun sindikatuok hitza ematen dugu ekimen horiek jarraituak eta gero eta indartsuagoak izango direla; batetik, harik eta Osakidetzaren aldetik enplegua sortu eta egonkortzeko proposamen bat lortu arte, bajak ordezkatu eta lanaldia murriztuaz, eta 2011ko Garapen Profesionaleko deialdia berehala gauzatzeko data batekin. Ez dugu eskubide bat ere baztertzen, baina horiek dira mobilizazioen lehentasunak.
Eusko Jaurlaritzak nahi izanez gero baditu kalitatezko Osasungintza Publiko bat moldatzeko baliabideak; ez dugu etsiko gure zerbitzuaren kalitatea eta lapurtu dizkiguten eskubide laboralak berreskuratu arte. Horregatik, Osakidetzari eskatzen diogu Mahai Sektorial baterako deialdia egin dezala, eta langileen ordezkaritza zabal honek egin duen moduko proposamen bat luza diezagula. Erantzuna egokia ez bada, langileak mobilizatzera eta izango diren batzarretan parte hartzera deituko ditugu.
Hauek dira aurreikusitako mobilizazioak:
– Ekainak 26: Manifestazioa Bilbon.
– Uztailaren 7ko astea: E-mail bidalketa masiboa Zentraletara.
– Irailaren 15eko astea: Itxialdiak ospitale handietan eta zuzendaritzak enpapelatzea/erregistratzea agiri erreibindikatibo batekin.
– Urriaren 11n manifestazioak.
– Urriaren 30eko astetik aurrera, lanuzteak eta grebak denera 34 ordu egin arte. Lanuzteak mailaka egingo dira, helburuak lortu arte.