2024-11-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaEuskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, onartuta

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, onartuta

Gaur, 2014ko maiatzaren 31n, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta onartu da Bilbon egindako Asanblada Nazionalean. Ekainaren 14an aurkeztuko da Bilbon.

Gaur, 2014ko maiatzaren 31n, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta onartu da Bilbon egindako Asanblada Nazionalean. Urtebete iraun duen prozesua izan da. Izan ere, kontuan eduki behar da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko I Nazio Batzarra 2013ko maiatzaren 25ean egin zela, Eibarren. Lehen asanblada horretan, azken urteetan bestelako eredu sozial eta ekonomikoaren alde elkarlanean aritutako sindikatu eta gizarte-eragileek argi utzi zuten prozesu berritzaile honen garrantzia.

“Aldarrikatzetik harago, euskal jendarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko eta bidean elkarrekin lerrotzeko unea da. Borrokarako tresna baliagarria izateaz gain, alternatiba eraikitze bidean, eredu ekonomiko eta sozial propioa garatzeko bide emango digula ziur gaude. Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egindako karta bat da, eta ez elite ekonomikoek erabakitakoa”.

Orain, urtebete geroago eta Karta bere osotasunean onartu eta gero, helburuak goitik-behera bete direla nabarmendu beharra dago. Azken urte honetan gauzatutako prozesu horizontal eta parte-hartzaileak izaera berezia ematen dio karta honi Euskal Herrian, hau da, bestelako zerbait bihurtzen du karta hau. Egindako ibilbideak adierazten du, beraren emaitzak baino gehiago, esperientzia honen izaera politiko berritzailea. Datuak kontuan hartzekoak dira: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 113 herri eta auzotan aurrera eraman den prozesu honetan 1.200 herritar inguruk hartu du parte, eta milaka izan dira eskubideen gainean egindako ekarpenak.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prozesuak lehenengo fase bat agortu du; gaur itxi dena, hain zuzen. Baina prozesu luze baten lehen faseaz mintzo gara, finean. Izan ere, orain gauzarik garrantzitsuena geratzen da: gehiengo sozialaren nahiak eta helburuak batzeko xede izan duen ekimen honen sozializazioa. Hori izango baita hurrengo erronka, denon artean egin dugun Karta hau lau haizeetara zabaltzea.Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ez da testu hutsa, bestelako gizarte justuago bat eraikitzeko borrokan tresna eraginkorra izan nahi du.

Ekainaren 14an hasiera emango zaio bigarren fase horri. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta egun horretan aurkeztuko da publikoki Bilbon, Arrupe Etxean. Aurkezpen horretan Kartaren edukiak ezagutzeko aukera izango dugu. Gainera, prozesu hau sustatu eta babestu duten sindikatu eta eragilesozialetako ordezkariak bertan izango dira, milaka lagunen artean egindako Karta honi euren atxikimendua eskaintzeko.

Jarrai dezala Karta honek etaberak defendatzen dituen eskubideek sortutako ilusioarekin, hau da, eskubide horiek biderkatu eta bereganatu daitezkeela Euskal Herriko auzo, herri eta hiri bakoitzean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.