2024-11-25
HomeEkintza SindikalaHuerta de Peralta enpresako greba bertan behera utzi dugu, zuzendaritzarekin akordio bat...

Huerta de Peralta enpresako greba bertan behera utzi dugu, zuzendaritzarekin akordio bat lortu eta gero #LortuDugu

Datozen maiatzaren 3an eta 5ean bi greba egun zeuden deituta, enpresak langileen gehiengoari egiten dion tratu txarra salatzeko eta langileen aldarrikapenak aintzat hartuko dituen eraginkortasun orokorreko itun baten alde egiteko. Hala ere, enpresako zuzendaritzak lan-giroa hobetzeko neurri zehatzak onartu izanak greba bertan behera uztea ahalbidetu du, eta Enpresa Ituna berritzeko negoziazioei berrekiteko aukera zabaldu du. LAB pozik agertu da ekintza sindikalaren bidez lortu delako egoera berbideratzea.

Huerta de Peralta Azkoiengo enpresa ezaguna egin zen 2018-2019 neguan langileek egin zuten 28 eguneko grebarengatik. Greba hura langileek irabazi zuten, enpresarekin akordioa eginda, baina, ordutik, langileekiko tratu desberdinek eta eguneroko izapide oinarrizkoenetan beren eskubideak praktikan jartzeko zailtasunek plantillaren haserrea eragin izan duen giro itogarriaren aurrean, langileen batzarrak erabakia hartu zuen grebaren bi egunak deitzeko.

Grebaren deialdia publiko egin eta berehala, enpresa mugitzen hasi zen. Eta apirilaren 29ko arratsaldekaren hasieran zuzendaritzak eta Greba Batzordeak lehen bilera bat egin ondoren, negoziazioak hasi ziren zuzendaritza eta LABen artean, eta, hainbat proposamen eta kontraproposamen trukatu ondoren, apirilaren 30eko arratsaldeko azken orduan Greba Batzordeak proposatutako neurri zehatz gehienak jasotzen dituen akordio batera iritsi dira.

Aipatutako akordioaren arabera, enpresa-zuzendaritzaren eta langileen arteko komunikazioa errazteko mekanismoak ezartzen dira, gatazka-egoerak saihesteko balio beharko dutena; horrela, lan-harremanak ezaugarritzen ari diren tentsioa murrizten lagunduko dute.

Era berean, greba bertan behera uzteko akordioak berekin dakar lantokiko lan-baldintzak arautzeko negoziazioei berrekitea. LABek eraginkortasun orokorreko enpresa-itun baten alde egiten jarraituko du, langileek batzarretan adierazi dituzten aldarrikapenak jasoko dituena, Nafarroako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Hitzarmen Kolektiboaren baldintzak hobetzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.