2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Momentuak beste Greba Orokor bat eskatzen du"

Garbiñe Aranburu: “Momentuak beste Greba Orokor bat eskatzen du”

Bilboko manifestazioaren amaiera ekitaldian hitza hartu du LABeko idazkari nagusiak, Maiatzaren Lehenaren mobilizazioen harira. “Mugarri berriak jartzeko unea iritsi da, greba eta mobilizazio gehiagorekin eta borroka ezberdinen arteko bat-egite hori bilatuz”, adierazi du, eta sindikatua hurrengo Greba Orokorrerako adostasunak sortzen hasteko prest dagoela berretsi du, “hitz egiten hasteko eta bide horretan adostasunak bilatzeko”. 

Idazkari nagusiaren hitzartze osoa:

Gaurkoa aldarrikapen eta mobilizazio egun garrantzitsua da langileontzat. Manifestazio eskubidea zapuzten saiatu da EAJren Gobernua, aurrez gauza bera egin zuten Martxoaren 8an. Erabaki horien gainetik hemen gaude, kalera atera gara milaka eta milaka langile. Gora langileon borroka! Gora borroka feminista!

Era berean, besarkada gorri iraultzailea gure artean egon ezin baina beti gurekin ditugun euskal preso politikoentzat. Euskal presoak, etxera! Euskal presoak, kalera!

Luze doa pandemia, sindemikoa bilakatu da egoera langileontzat, osasun krisia ez ezik, krisi ekonomiko eta soziala areagotu da. Orain urtebete, kapitalaren neurrirako konfinamendu betean, kolaboraziorako deia egin ziguten eta guk aldaketak borrokatzeko hautua egin genuen. Greba Orokorra atzean utzi berritan, udaberri gorria pandemiak guztiz baldintzatu bazuen ere, azkar ikusi genuen mobilizazio aldi berri baten beharra.

Patronalak oso ondo irakurri du LABen hautua zein den. LABen kontrabotere sindikalgintza eta bereziki sindikalgintza feminista zigortzeko atxiloketak izan dira Iruñeakoak. Gure borroka kriminalizatzeko saiakeran urrats berri bat izan da, mezu argia bidali digute, eta hemendik gaur gure erantzuna: ez gaituzue gure bidetik aterako.Babesa, aitortza eta gure maitasuna atxilotuak izan direnei. Borroka sindikal eta sozialagatik — izan enplegua defendatzeagatik edo ostalaritzaren egoera larria salatzeagatik…— errepresioa eta poliziaren jarrera oldarkorra pairatzen ari diren guztientzat gure txalorik beroenak. Ez gaituzte geldituko!

Kapitalismoaren pean, langileok ez gara demokrazian bizi. Patronala harroputz dago, zigorrik gabe sentitzen delako, Estatuaren aparatuak bere zerbitzura daudelako, legegilea, judiziala eta poliziala. Dena patronalaren zerbitzura.

Aurten, dagoeneko 18 langile hil dira lan-istripuetan, eta beste asko, berriz, laneko gaixotasunengatik. Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian desagertuta dago oraindik. Prekaritateak eta prebentzio-neurrien faltak langileak hiltzen ari dira. Hau indarkeria patronala daeta hemen ez da ezer gertatzen. Kapitalismoaren aldeko apustua egiten dutenek zigorrik gabe uzten dituzte delitu horiek, eta protesta sindikal eta sozialak kolpatzen dituzte.

Kapitalismoak krisi bakoitza berrantolatzeko eta indartzeko aprobetxatzen du. Krisi hau ez da salbuespena. Europako Funtsek dagoeneko finkatu dute joko-zelaia, kapital transnazionalen neurrira egindako susperraldi ekonomiko bat.

Aurreko krisian bankuak erreskatatu eta austeritate politikak ezarri zizkiguten. Orain diru publikoarekin finantzatzen da kapitalismoak behar duen ekoizpen-ereduaren aldaketa. Ez dago zerga-erreforma sakon baten aldeko apusturik, eta horrek murrizketa gehiago ekarriko ditu; murrizketak lan-harremanetan edo pentsioetan erreformak eginez edo murrizketak zerbitzu publikoak indartzeko apusturik ez egiten.

Euskal Herrian, aldaketak borrokatzen ari gara, lantokietan eta kalean:

– Zerbitzu publikoak indartzeko, hezkuntza eta osasungintzako langileak eta herritarrak mobilizatu gara. Osasun sistema publikoa kolapsoaren atarian dago eta gure jendea itota, hustuta, agortuta. Ebakuntzak atzeratzea ez da konponbidea. Inbertsioak handitu ezean, jai dugu.

Zerbitzu publiko hobeak behar ditugu eta kalitazteko zerbitzu publikorik ez dago, enplegu gehiago sortu eta dagoena egonkortzen ez bada.

– Enplegua defendatzeko eta duintzeko borrokak ugariak dira. Lantokiz lantoki eta eskualdez eskualde harresi soziala sortzen ari gara. Lan erreformak eskutan patronalarentzat oso erraza da enplegua suntsitzea. Orduan, nori dagokio enplegua eta gutxieneko prestazioa bermatzea? Gobernuei. Eta zer egiten dute? Ezer ez.Patronalari aurpegia zuritu eta enplegua defendatzen ari direnen aurka polizia bidali, hori besterik ez.

Baina enpresa askotako langileek mezu argia bidali diote patronalari, CONFEBASK entzun, ez duzue lortuko! Gaur aipamen berezia, greba mugagabean 100 egunetara iristear diren Tubacexeko langileei!

Aipamen berezia zuei ere, bizi duzuen egoera ikustarazi eta borrokan ari zareten sektore feminizatuetako emakume guztiei: garbiketan, jantokietan, elikaduran, gizarte zerbitzuetan… ari zaretenak, zuekin gaude! Esentzialak, ezinbestekoak zarete, bada garaia zuen lanaren balioa aitortu eta soldatak eta lan baldintzak duintzeko.

Gazteoi ere gure mezua. Etorkizun iluna marraztu dizuete, eta prekarietate gordinean bizitzera kondenatu nahi zaituztete. Antolakuntza eta borroka dira bidea, lan eta bizi baldintza duinak lortzeko. Bidelagun gara eta jarrai dezagun eskuz esku, prekarietatea garaitu eta eskubideen jabe egiteko borrokan.

– Mugimendu feministari esker zaintza lanek duten garrantzia agerian geratu da. Ereduaz gogoeta eta eztabaida irekita dago. Zaintza lan guztiak aitortu eta berrantolatu egin behar dira, zaintza lanetan ari diren emakumeen soldata eta lan baldintzak duindu egin behar dira eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratu behar da.

Sistema hau ezin da sostengatu emakumeen lanik gabe. Lan isila eta gaizki ordaindua, eta ez gaude horrela jarraitzeko prest. Ahalduntzen ari gara, antolatzen ari gara eta ez gaude prest egokitu diguten papera onartzeko. Ez dugu onartuko.

– Pentsiodunak:hiru urte luze kalean astero mobilizatzen. Eredu zarete! Langile guztiei dagokigu pentsio duinen aldeko banderari heltzea. Ez dugu erretiro-adina gehiago luzatu dezaten nahi, aurreratu baizik, eta ez dugu pentsio-sistema publikoa pentsio-plan pribatuekin osatu nahi. Sistema publikoa indartu nahi dugu. Soldata duinak behar ditugu etorkizunean pentsio duinak izateko. Bada garaia 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko eta pentsioen arrakalarekin amaitzeko. Nahikoa arrazoi dugu mobilizatzeko. Maiatzaren 29an kalean ikusiko dugu elkar!

Orain, norabidea aldatzearen aldeko borroka sindikal eta sozial guztiak babesten jarraitu behar dugu. Eta zer eskatzen du momentuak? Mugarri berriak jartzeko unea iritsi da, greba eta mobilizazio gehiagorekin eta borroka ezberdinen arteko bat-egite hori bilatuz. Momentuak beste Greba Orokor bat eskatzen du eta LAB hurrengo Greba Orokorrerako adostasunak sortzen hasteko prest dago,hitz egiten hasteko eta bide horretan adostasunak bilatzeko.

Kapitalismoarialternatiba eraikitzea mundu mailako erronka da.  Baina, argi dago alternatiba hori herri gisa abiatu behar dugula, herri burujabetza prozesuak bultzatuz. Aldaketa ezker soberanismoaren eta langileen lidergotik bultzatuko da edo ez da izango.

Trantsizio ekosozialista eta feminista, hori da alternatiba eta LABen gure proposamenak  Programa Sozioekonomikoan jaso ditugu: Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege propioa bat borrokatzeko determinazioa dugu.

Proposamen eraldatzailea da gurea eta proposamen horiek partekatzenari gara eragile sindikal, sozial eta politiko desberdinekin. Sinergiak bilatuz, indarrak bilduz, borrokak artikulatuz. Maila politiko instituzionalean, lantokietan eta kalean.

Euskal Herriak, erakutsi du, herri borrokalaria dela, baita borrokak merezi duela ere. Jarraituko dugu borroka sindikal eta borroka sozialak pizten,  enplegua, zerbitzu publikoak, zaintza sistema publiko komunitarioa eta pentsioen defentsan. Ez gaude kikiltzeko, ez gaude amore emateko, borrokarako indarra dugu.

GORA LANGILEON BORROKA!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.