2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaGazteen enpleguaren galera handia, prekaritatearen ondorio

Gazteen enpleguaren galera handia, prekaritatearen ondorio

Sindemiak eta hondamendi handiagoa saihesteko hartutako neurriek eragindako enplegu galerak, urteko balantze gisa 35.200 lanposturen suntsiketa utzi du Hego Euskal Herriko lurraldeetan, hau da, duela urtebete okupatuta zeuden biztanleen ia %3.

Gainera, datu horri beste 35.000 pertsona gehitu behar zaizkio; izan ere, martxoaren amaieran oraindik ere Aldi Baterako Enplegu Erregulazio (ABEE) baten eraginpean zeuden, eta euren enplegu-etorkizuna hari batetik zintzilik dago momentu honetan.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) emaitzak sektoreka aztertuz, enpleguaren galera handiagoa izan da zerbitzuetan, batez ere ostalaritzan eta aisiarekin zerikusi zuzena duten jardueretan. Hain zuzen ere, jarduera-adar horietan kokatzen da gazte askoren enplegu-jarduera, aldi baterako enplegu prekarioetan nagusiki. Horregatik, kanoi-bazka gisa erabiltzen den gaztetasuna, krisiak gehien kaltetutako biztanleriaren sektorea izaten ari da.

25 urtetik beherakoen artean lan-okupazioak %12 egin du behera azken urtean, eta langabezia-tasa ia bikoiztu egin da, gazteen artean % 37tik gorako langabezia-tasara iritsi arte. Langabezia-tasa hori guztiz zentzugabea da, batez ere Europar Batasuneko batez bestekoarekin (%17 ingurukoa) alderatzen badugu. Izan ere, EBko estatu kideen artean, Espainiakoak soilik du gazteen langabezia-tasa gurea baino handiagoa.

Bestalde, aldi baterako kontratuen tasa %75 ingurukoa da euskal gazteen artean, eta belaunaldi gazteenek laneratzeko prozesu neketsuan jasaten dituzten lan-baldintza tamalgarrien beste adibide bat da.

Horregatik guztiagatik, Maiatzaren Lehenaren bezperan eta lan-erreforma berri baten atarian, nabarmendu nahi dugu esperientziak erakusten duela erreformek ez dutela inoiz enplegua sortzeko balio izan, baina enplegua prekarizatzen lagundu dutela. Hala ere, guztiz kontrakoa lortzen ere lagun dezakete.

Ildo horretan, PSOEri bere konpromisoak betetzeko eta lan erreforma bertan behera uzteko eskatzen diogu, agindu bezala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.