Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu gara, “Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaitu” leloarekin, euskal gehiengo sindikalak deituta. Gasteizen bezperan egin genuen elkarretaratzea, eta Iruñean, Donostian eta Bilbon gaur bertan egin ditugu manifestazioak. Azken honetan, Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza, eta lan osasuneko politikak errotik aldatzeko garaia dela aldarrikatu du.
Xabier Ugartemendiak alternatibak ditugula adierazi du, baina borondate politikoa falta dela deitoratu du: “Guk borrokan jarraituko dugu, osasuna eta bizitza erdigunean jartzen duen eredu bat lortu arte. Osasuntsu eta bizirik etxera bueltatu nahi dugu”.
Hain zuzen ere, urtarrilaren 15ean EAE eta Nafarroako gobernuei egin genizkien eskaerak berretsi ditu:
-Zerbitzu publikoak indartu behar dira
-Enpresak kontrolatu behar dira, lantokietan osasun eta prebentzio neurriak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako behar beste baliabide jarri behar dira.
-Mutualitateak eta Prebentzio Zerbitzuak publifikatu behar dira.
-Prebentzio arloan zigortu dituzten enpresak kontratatzea debekatu behar da.
-Prebentzio sistema publiko eta propioa behar dugu.
Administrazio publikoaren konplizitatea
LABeko ordezkariak nabarmendu du langileen osasuna eta bizitza agenda politikoan egon behar duela eta norabide aldaketa beharrezkoa dela: “Herri honetan inpunitate osoz hil daitekeen leku bakarra dago: lantokiak, lan zentroak. Bertan langileak hil daitezke eta inork ez du ordaintzen, inor ez da erantzule eta ez dira konponbiderik jartzen”.
Patronala da egoera honen eragile eta arduraduna, Xabier Ugartemendiaren hitzetan; bere diru gosea lehenesten duelako langileen bizitzaren aurretik. “Baina, bide horretan ez daude bakarrik; administrazio publikoen konplizitatea dute. Hauek prebentzioari buruz mintzo dira, baina prekaritatea dakartzan politikak sustatzen dituzte, eta patronala txalotu eta babesten dute”, esan du.
Lan istripu-tasa hilgarria urtetik urtera handitzen ari da, eta eragin handiagoa du langile prekarioenen artean. Lotura oso erraza da: zenbat eta lan baldintza okerragoak, istripu gehiago, osasun galera gehiago: “Istripu eta gaixotasunen atzean ezkutatzen diren arrazoi nagusiak oso argiak dira: prekaritatea, azpikontratazioa, lan erritmo handiak, baliabideetan inbertsiorik ez, informazio falta eta prestakuntza eza”.
Lan Ikuskaritzari dagokionez, LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariaren arabera, “bere jarduera lantokietatik desagertu da, eta horrela ezinezkoa da prebentzio neurriak eta araudia betetzen direla kontrolatzea. Langileak abandonatu dituzte”.
Covid agerraldien %70a, lan esparruan
Koronabirusaren pandemiak izugarri tenkatu du Osasun Sistema Publikoa eta agerian utzi ditu lan arriskuen prebentziorako sistemaren gabezia larriak. Gaur da eguna oraindik ez dakiguna zenbat langile hil diren koronabirusagatik, lanean kutsatuta, baina berriki datu bat jakin dugu: EAEn, 2020ko urria eta 2021eko urtarrila bitartean sortu diren agerraldien %70a baino gehiago lan esparruan jazo dira.
Xabier Ugartemendiaren hitzetan, “enpresa askotan ez da neurririk ezartzen. Gaur egun bere horretan diraute lantokietako kutsatzeek eta agerraldiek. Herritarrei milaka zigor ezarri zaizkie koronabirusari aurre egiteko neurriak ez betetzeagatik; aldiz, enpresei zigorrik ez zaie ezarri. Nola da posible agerraldien %70a lantokietan gertatzea eta inongo prozedurarik ireki ez izana? Zenbat zigor ezarri dira aipatutako agerraldietan neurriak ez betetzeagatik? Bada, bakar bat ere ez. Banakako errua botatzen digute langileei, benetako arazoa alfonbra azpian ezkutatuz”.