2024-11-22
HomeIdazkaritzakEuskara Idazkaritza "Euskararentzat jarrera larriak Osakidetzan"

[IRITZIA] “Euskararentzat jarrera larriak Osakidetzan”

Gotzone Amuriza, LAB Osakidetzako Euskara arduraduna

Idatzi honen bidez, euskararen inguruan Osakidetzaren erabakiek eta sindikatu batzuek —SATSEk bereziki— azken asteotan euskararekiko duten jarrerek sortu diguten kezkaren berri eman nahi dugu. Zehazki, kontratazio ebentualetan euskararen ezagutza eskatzearen inguruan azkenaldian eman diren zenbait erabaki eta jarrera.

Osakidetzan, EAEko enpresa publikorik handienean, 120.000 kontratazio inguru egiten dira urtero pertsonal finkoak betetzen ez dituen lanpostuak, lanak edo pertsonalaren hutsuneak betetzeko helburuarekin. Kontratazio zerrendak eta kontratazio sistema hau guztia arautzeko Kontratazio Akordioa dago, eta orain indarrean dagoena 2011koa da, garaiko Osakidetzako Zuzendaritzak inposatua eta babes sindikalik gabekoa.

Duela bi hilabete Osakidetzako Zuzendaritzak mahai sektorialean gauden sindikatuoi Kontratazio Akordio berri baterako proposamena helarazi zigun. Proposamen honek ez du euskara arloan aurrerapauso irmorik ematen, behin-behineko kontratazio gehienetan ez baitu euskararen ezagupena bermatzen.

Osakidetzan euskara eskakizunak egiturazko lanpostuei ezartzen zaizkie, eta behin-behineko kontratuak ez daudenez horiei lotuak, ez da euskararen ezagutzarik eskatu kontratu horiek betetzeko. Egoera horrek sekulako ondorio kaltegarriak sortu izan ditu euskarari dagokionez. Adibidez, euskara eskakizuna ezarria zuten lanpostuak bete izan dira euskaraz ez zekiten langileekin, edozein zelarik ere zerbitzua edo herria.

Azpimarratu behar da behin-behineko kontratu horiek, estrukturalak ez direnak, Osakidetzan urtean egiten diren 120.000 kontratu horien guztien erdiak izan daitezkeela, hau da, 60.000 kontratu inguru. Sarritan hilabete luzetako iraupena dute kontratu horiek, langile desberdinen bajak, oporraldiak… kubritzeko. Milaka kasutan, kontratazio ebentual horiek egiturazkoak izan beharko liratekeen lanpostuak betetzeko erabiltzen dira, modu iruzurtian, eta langile bera urte luzez egon daiteke lanpostu horretan, aldiro-aldiro luzatzen dioten kontratu ebentualen bidez. Ondorioz, zuzendaritzak Kontratazio Akordio berriaren bidez kontratazio horietan oro har euskararen ezagutza ez bermatzeak ondorio ezkorrak ditu Osakidetzako euskararen normalizazio prozesuan.

2011ko Kontratazio Akordioak zekartzan ondorioak zirela eta, egoera konpondu asmoz, 2013tik aurrera hainbat urrats eman dira Osakidetzan bertan eta baita Eusko Legebiltzarrean ere. Proposamen horiek medio, behin-behineko kontratuetan euskararen ezagutza beharrezkoa izateko gutxieneko irizpide batzuk ezarri dira. Adibidez, 2013. urtean Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek adostutako proposamena medio, Osakidetzari eskatu zion euskarari dagokionez, lehentasunezkoak diren zerbitzuetako kontratazio ebentualetan oro har euskararen ezagutza lehenestea. Eta horrela jaso zen Osakidetzaren 2013ko II. Euskara Planean. Kontuan hartu behar dugu Euskara Planean jasotakoa bete beharrekoa dela.

Eta hara non, Kontratazio Akordio berria egiteko momentua heldu den honetan, inondik inora ez da bermatzen hori horrela izango denik. 

Honen harira, martxoaren 24ko mahai sektorialean, sindikatuok Osakidetzako zuzendaritzarekin gai hori eztabaidatu genuen. Sindikatuok kontratazio akordioaren inguruko ekarpenak egiteko txanda izan genuenean, bereziki deigarria eta larria iruditu zitzaizkigun SATSE sindikatuko ordezkariaren eskaerak. Osakidetzak planteatzen dituen aurrerapauso urrien aurka egin zuen, eta estrukturalak ez diren lanpostuetako behin-behineko ordezkapenetan eskatu zuen euskara inoiz ez izatea beharrezkoa, edozein delarik ere zerbitzu mota edota eremu linguistikoa.

SATSE sindikatuaren eskaera honek esan nahi du, besteak beste, erabat euskaldunak diren herrietako informazio guneetan, medikuntza, erizaintza, pediatria unitateetan ere, eta nahiz eta unitate horietako gehienetan lanpostuen %100ak euskara eskakizuna ezarria izan, euskararen ezagutza ez egotea bermatuta behin-behineko kontratazioetan.

Zoritxarrez, jakitun gara beste zenbait sindikatu ere, nahiz eta ez duten hain agerian adierazi, euskararen normalizazioa lortzeko neurriak ezartzearen aurkako presioa egiten aritzen direla. Bereziki deigarria da lanpostu mota zehatz bati lotuta dauden sindikatu korporatiboek euskararen gaian posizionamendu atzerakoiak izaten dituztela. Plazara begirako ekintzetan (Euskaraldia, Korrika…) euskararen bultzatzaile jartzen dute beraien burua, eta gero, benetan eragina izan behar duten guneetan, jarrera guztiz alderantzizkoak dituzte.

LAB sindikatuan kezkatuta gaude euskararen kontrako jarrera horiekin. Horregatik, Osakidetzako langileen defentsan dihardugun sindikatuak euskararekiko jarrera argi eta garbi adieraztea gonbidatzen ditugu. 

LABen ustez, bada garaia anbizioz jokatzeko, etorkizunari begira. Horregatik, guztiz euskalduna den Osakidetza aldarrikatzen dugu, ezin delako ulertu euskalduna ez den kalitatezko osasun sistema publikorik Euskal Herrian. Helburu horretarantz eman behar ditugu urratsak, ez kontrako norabidean.

Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaritzari, Eusko Legebiltzarraren eskaera errespetatuz eta Euskara Planak agintzen duena betez, behin-behineko kontratuetan euskara bermatu dezala eskatzen diogu. Eta beste sindikatuei, zerbitzu publiko euskalduna lortzeko bidean behintzat inork ez dezala trabarik jarri.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.