2025-04-05
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaHelduen euskalduntzerako euskaltegiek eta HABEk adostutako finantzazio sistema berria ez da nahikoa...

Helduen euskalduntzerako euskaltegiek eta HABEk adostutako finantzazio sistema berria ez da nahikoa sektoreko langileentzat

LABek azkenengo urteetan ordezkariekin eta afiliazioarekin egindako sektorearen hausnarketaren ostean, helduen
euskalduntzea eta alfabetatzea unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitateazkoa izan behar dela uste dugu:

• Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek hori bermatu
behar dute.

• Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako
Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile
gaitua direnean, hau da, C1 maila gutxienez lortzen dutenean. Euskara ikasteko gaur egungo subentzio-sistema gainditu
eta benetako doakotasuna bermatu behar zaie herritarrei.

• Publikoa izan behar da: Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna
bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Azken honi dagokio,
sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea
eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea, langileak kudeatzea.

• Kalitatezkoa izan behar da: bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat. Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio
duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Sektoreko
langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, errekonozimendua eta etorkizuneko aukerak eduki behar
dituzte.

Berriki prentsa bidez jakin izan dugu Euskaltegi pribatuetako titularrek eta HABEk finantziazio sistema berria adostu dutela
eta ordezkari sindikalak ez dituzte kontuan izan, negoziazioen berri ere ez die eman HABEk.

Akordio horrek langileen lan baldintzak hobetzeko helburu duela diote, baina langileak aldebiko –HABE eta Euskaltegi
pribatuetako titularrak- negoziaziotik kanpo utzi dituzte; langileen ordezkari legalei ez diete proposamena helarazi ezta
eztabaidatu ere egin. Formen aldetik oso larria. Batez ere LABek komunikazio kanal bat irekita izan duelako azken urtean
HABErekin, aspaldidanik eskatu zuelako eztabaidan parte hartzea langileen ordezkari legal garen heinean.

Administrazioak urte luzez abandonatuta izan duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta
egonkortzea positiboa da; proposatutako finantziazioa sasiegonkortze bat baino ez den arren. Baina, helduen
euskalduntzearen sektorea ez dute euskaltegi pribatuek bakarrik osatzen. Udal euskaltegiek ere errealitate bat dira eta
akordio honek sektorearen alde publikoa ez du kontuan hartzen, horrek pribatizazioa bultzatzen du eta publiko-pribatu
zatiketan sakontzen du.

Akordioak 2 arlotan indarra egiten du; soldatak eta ordu lektiboak. Bi alderdi hauetan aurrerapasu nabarmenak aitortzen
baditugu ere, euskaltegi bakoitzaren esku uzten du neurri hauek aplikatzea, administrazioak diru publikoaren
fiskalizaziorako bermerik gabe eta 4 urterako. Sektoreko langileentzat hori ez da nahikoa prekaritatetik irteteko.

Euskaltegi pribatuen arduradunek eta HABEk sinatutako akordioa LABek ez du nahikotzat jotzen eta oraindik ere hainbat
gai arautu gabe geratzen direla azpimarratu nahi dugu: urteko lanaldia, ratioak, ordutegiak, lizentziak eta baimenak…
Hori dela eta, LABek HABEri sektorearen ereduaren inguruan eztabaidarako marko bat zabaltzea exijitzen dio. Aldi berean
Euskaltegi pribatuen titularrei patronal bat osatzea eskatzen diegu, datozen asteetan LABek 1. helduen euskalduntzearen
sektoreko mahai negoziatzailea deituko baitu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.