2024-11-22
HomeEkintza SindikalaHaurreskoletako langile eta familien aldarrikapenen erakusketa egin dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrean

Haurreskoletako langile eta familien aldarrikapenen erakusketa egin dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrean

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok eta Haurreskolak Partzuergoko langileek familiekin batera euskarri desberdinetan jasotako aldarrikapenen erakusketa egin dugu arratsaldean Lakuan. Ekintza hori matrikulazio epe ofizialaren bukaeraren eta Mahai Negoziatzailearen kontestuaren baitan burutu dugu, Administrazioaren aurrean langile eta familiek Haurreskolak Partzuergoarekiko duten konpromiso irmoa erakusteko asmoarekin.

Izan ere, Administrazioak erakutsi ez duen bezala, txalotzekoa da zikloarekiko hezkuntza komunitateak agertu duen atxikimendua eta konpromiso erakustaldia.

Hortaz, lerro hauen bitartez, dinamika horretan (zein orain artekoetan) parte hartu duten lankide eta familiei eskertu nahi diegu egindako ahalegina. Langile eta senideen mobilizazioa eta inplikazioa ezinbestekoa izango da Haurreskolak Partzuergoak etorkizunera begira dituen erronkak gainditu eta aldarrikapenak gauzatzeko.

Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmen berriaren negoziazioa hasi berri dugun momentuan, ezin dugu ahaztu Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta hezkuntzan integrazioa eta langileen egonkortasuna direla oraindik ere borrokaren ardatza. Jaiotzatik hezkuntzarako eskubideak unibertsala behar duela izan uste eta sinisten dugulako eutsiko diogu borroka horri.

Era berean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok salatu nahi dugu aurreko Mahai Negoziatzailean Administrazioak eta Haurreskolak Partzuergoak hartutako konpromiso batzuk bete gabe jarraitzen dutela; besteak beste, indarrean dauden akordioak betetzea. Beraz, argi dago gaur hasitako negoziazio prozesuak izango duen ibilbidean erne egon beharko dugula aurrera ematen dugun urrats bakoitzean.

Gauzak horrela, orain arte egin bezala, ohar honi bukaera eman baino lehenago alderdi politiko eta eragile desberdinei dei egiten diegu Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta hezkuntzan integrazioa ahalbideratzeko pausoak eman ditzaten.

Halaber, euskal jendarteari ere dei egiten diogu borroka horrekin bat egin eta aldarrikapen horiek bereak egin ditzan, guztiok irabaziko baitugu horrekin.

Denon artean lortuko dugu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.